Nagusietan, Jose Miguel Arranz erandioarraren lana nabarmendu zuen epaimahaiak gainerako guztien artetik, eta 14 urtez azpikoen sailean, Amalur Aranda mendaroarrarena eta Irati Larreta ibarrarrarena. Herritarrak artera gerturatzeko asmoz, lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen lana zozketatu zuen Udalak errifa bidez, eta Julian Segundori, Uztargi tabernako jabeari, egokitu zitzaion.
Sari gehiago ere banatu zituzten, baina. Helduen sailean, Jose Miguel Arranz erandioarraren lanak eskuratu zuen lehenengo saria eta 700 euro jaso zituen saritzat. Bigarren lanik onena Jorge Lopez bibotarrarena izan zen, epaimahaiaren ustez, eta 500 eurorekin saritu zuten. Jose Reyes leioarrak eskuratu zuten hirugarren accesita (300 euro) eta Rikardo Azkakorta bergararrak laugarren accesita (300 euro). Gaztetxoen sailean, berriz, bi maila bereiztu zituzten. A mailan, Amalur Arandaren lana aukeratu zuten onenentzat, eta B mailan, Irati Larreta Ibarrarrak eskuratu zuten saria. Margotzeko materiala jaso zuten saritzat. Hala ere, gainerako parte-hartzaileentzat ere izan zen saririk, marrazteko koadernoa eta arkatz bana banatu zizkietelako. Epaimahaia Aitor Etxeberria herriko margolariak, Bingen De Pedrok eta Carlos Galarragak osatu zuten.
Margo lehiaketak iraun zuen bitartean, batukada talde bat ibili zen herrian kalez kale, zapatu goiz bustia alaitzen. Argazkitan, lehenengoan, 14 urtez azpikoetan sari nagusia jaso zuen Amalur Aranda mendaroarra Nerea Isasi Kultura zinegotziarekin, eta bigarrenean, saritu guztiak, epaimahaikideekin eta Kultura zinegotziarekin.