Fernando Suarez 1956an jaio zen Orensen, baina sei hilabete zituenean Eibarrera bizitzera etorri ziren gurasoak, azken udal hauteskundeetan BARRENek alkategai guztiei eginiko bideo-elkarrizketetan Suarezek berak azaldu zuen moduan. 1975ean afiliatu zen Euskadiko Ezkerra alderdira, eta handik iritsi zen PSE-EEra. 1977an etorri zen Elgoibarrera bizitzera, eta 1999an hartu zuen zinegotzi kargua, Guillermo Garatek alkate zela, eta harrezgero bost legegintzalditan 21 urte egin ditu Elgoibarko Udalean. Une onak eta txarrak bizi izan dituela aitortu du, baina balantze positiboa egiten du. Eskerrak eman dizkie 21 urte hauetan babesa eman dioten elgoibartar guztiei.
Ariana Nogalesek ordezkatuko du Suarez. Sozialistek zerrendako bigarren postuan aurkeztu zuten Nogales 2019ko Udal hauteskundeetan. Gazteen ordua dela uste du Suarezek, baina hala ere, Elgoibarko PSE-EE alderdiko kide izaten jarraituko du eta aholkulari lanetan laguntzeko prest agertu da.
∞ Lotura duten albisteak: