Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko sortu zuten Elgoibar1936 taldeko kideek adierazi dute berri "pozgarria" eta "aurrerapausoa" dela erabaki hau. Gogora ekarri dute, baina, azken urteetan behin baino gehiagotan salatu dutela Francok Elgoibarko ohorezko alkate izaten jarraitzen zuela, eta hori aldatu beharra zegoela. 2008an salatu zuten aurrenekoz, eta euren webgunean 1949ko abuztuaren 22ko udal agiri bat zintzilikatu zuten, Elgoibarko Udalbatzarraren osoko bilkurak Francisco Franco ohorezko alkate izendatu zueneko batzar-agiria. Jose Rezola y Larrarte alkate zela adostu zuten Frankori ohorezko alkate izendapena ematea. Besteak beste, honako arrazoiak ageri dira batzar-agirian: "Como expresión del mas sincero y cariñoso reconocimiento a su persona y respetuoso testimonio de nuestra leal e inquebrantable adhesión a tan alta personalidad salvadora de los destinos de nuestra querida Patria en la Gloriosa Cruzada de Liberación, y también, por significar para el pueblo de Elgoibar un supremo y destacado honor el de que nuestro Caudillo ostente el cargo honorífico de la primera autoridad local de esta Villa". Hona agiria osorik:
Urteetako lana fruituak ematen hasi dela esan dute Elgoibar1936 taldekoek, eta 2007tik hona egin dituzten hainbat lan gogora ekarri dituzte: gudari zein milizianoen gorpuak hobitik ateratzea, erakusketak, hitzaldiak, zine-jardunaldiak, dokumenatalak, antzerkia, testigantzen grabaketak, datu bilketa izugarria, argazkiak, liburua, e.a. Aurten herriko zenbait etxebizitzetako atarietatik kendu dituzten ikur frankistak ere aipatu dituzte. Pedro Mugurutza etorbideko etxebizitzetatik “Sindicato Vertical”-en sinboloak kendu baitituzte aurten, eta baita Falangeko plaka erraldoiak ere. Lehenago, Urazandi eta San Rokeko Falangeko plakak kendu zituzten.
"Lanean jarraitzen dugu, badugu zer egin-eta egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioaren bidean. Hor dugu Pedro Muguruza, Falangeko arkitekturako burua eta gorteetako diputatua izan zena, batzuk frankista zela frogatua ez dagoela dioten bitartean, Elgoibarko seme kuttuna izateaz gain, etorbidea duena. Hor dugu Morkaikoko gurutzea ere, gudan hildako errekete eta borboiaren omenez eraikia", adierazi dute.