Euskalgintza eta kulturgintza biziberritzeko lehen ahalegin kolektiboa egin dute gaur Elgoibarko hainbat eragilek

Barren.eus 2020ko urr. 3a, 19:01

'Euskara ala ezkara' jardunaldien barruan, Elgoibarko euskalgintzan eta kulturgintzan diharduen adin eta pentsaera askotariko jendea batu da gaur IMHn, euskalgintzaren eta kulturgintzaren diagnosia bateratu eta adosteko. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalak eta Dijitalidadea enpresak antolatu dute saioa, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta IMH ikastetxearen eta Makina Erreminta Museoaren laguntzarekin.

Egun guztiko saioa izan da. Elgoibarko Udaleko Euskara zinegotzi Maialen Gurrutxagaren eta Elgoibarko Izarrako presidente Iñaki Konderen aurkezpen eta esker-on berben ostean, Dijitalidadea enpresako Gotzon Barandiaranek hasi du eguna,'Zer dago egin nahi dugunaren atzean?' galderari erantzunez. Barandiaranek nabarmendu du hizkuntzari eta kulturari bizkarra emanda bizi garela euskaldunok, eta ohartarazi du euskararen erabilera ez dela zabalduko, kulturaren praktika bizkortu ezean, eta aldi berean, kulturgintzak ez duela osasuntsu irauteko aukerarik izango, euskarari behar dituen indar eta garrantzia eman ezean. Labur esanda: bat ezin dela bestea gabe bizi, "ekosistema bereko organismoak direlako".  Horregatik, euskal kulturgintzaren berariazko erronka kulturzaleak sortzea dela azpimarratu du Barandiaranek. Horren harira, zehaztu du euskal kulturgintzaren sistema eragile ugariren multzo artikulatuak osatzen duela eta kulturaren eta hizkuntzaren sistema egoki bizi dadin, lau alor zaindu behar direla: sortzaileak, plazak, komunikazioa eta transmisioa. Ohartarazpen batzuk egin eta gako batzuk ere eman ditu: batetik, esan du euskalduntze alfabetatze masibo baten beharra daukagula eta ahozkotasunari zentralitatea ematea ezinbestekoa dela, "gaur gazteak ez direlako euren sentimenduak nahiko luketen moduan azaltzeko gai". Kulturgintzaren bitartez, euskaldun izatearen kontzientziaz aritzeko beharra ere azpimarratu du, bai eta transmisioan indarra jartzeko beharra ere: "Euskal kulturgintzaren transmisioan etena gertatu da eta bi belaunaldi galdu ditugu".

2020 10 03 euskaraalaezkara4 
Barandiaranen emanak gogoetarako bidea zabaldu du, eta gonbidatu azpeitiarrek eredu bat aurkeztu dute, eurena: Azpeitiko Kultur Mahaiaren eredua. Aitor Bengoetxea 'Ondarru' Kulturaz kultur kooperatibako proiektu arduraduna (argazkikoa) eta Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura Batzordeburua jardun dira azalpenak ematen. Azpeitiko eredua ulertzeko hainbat datu "esanguratsu" emanez hasi du bere solasaldia Albizuk. Aipatu du Azpeitian herritarren %83 direla euskaldunak (15.000 biztanle dira), eta euskararen erabilera %81ekoa dela gaur. "Euskaraz bizitzea arau sozial moduko bat da Azpeitian eta kultura euskaraz ulertzen dugu, proiektuaren oinarrian dago. Kultura ulertzeko gure modua da", zehaztu du. Aitor Bengoetxea eta bien artean azaldu dute Azpeitiko Kultur Mahaiaren izatea zer den. 2006an sortu zuten, dinamika berri bat hasteko. 22 kultur talde eta norbanakok, udaleko ordezkariek eta teknikoek osatzen dute eta 380 bazkide inguru dira guztira. Talde eragile batek kudeatzen du hori dena, talde "murriztu" batek. Eta herriko kultur ekosistema zaindu, bideratu eta lan-ildoak zehaztea da haren egitekoa. Udala "bidelagun" dute egiteko horretan, Albizuk zehaztu duenez: "Eragile bat gehiago gara; bidelagun gara. Udalaren egiteko nagusia baliabideak jarri, jarduna babestu, eta herritarrei entzunez lan egitea da". Horren harira sormen-beken garrantzia azpimarratu du. "Sortzaileek bazituzten oholtzak eta guneak, baina sortzeari balioa eman behar zitzaiola ikusten genuen eta sormen-bekak indartu ditugu".
 
Bengoetxeak azaldu du bidea ez dela samurra izan eta kudeaketan ere dena ez dela "larrosa kolorekoa" izan, baina elkarlanean egin dutela, horixe dutelako oinarri behinena. "Azpeitian ere ez geneukan ezer handirik. Aretorik ere ez geneukan eta hori izan zen Kultur Mahaiaren aurreneko kezka. Ordutik bide luzea egin dugu eta datorren urtean Sanagustin kulturguneak hamar urte beteko ditu". 2011n sortu zuten Kulturaz Kultur Kooperatiba, Kultur Mahaiaren tresna gisa. "Pausu estrategiko eta kualitatibo nabarmena izan zen". Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Kulturaz, izaera sozialduna eta hiru lan-lerro/ezaugarri dauzkana: Euskal kulturaren sustapena (Euskal kultura oinarri, pertsonen nortasuna osatu eta herri izana landu), kudeaketa eredu propioa (Kultur eragileen autonomia eta gizarteko eragile desberdinen eta elkarlanaren arteko oreka eredu) eta herriarekin eta herriarentzat (Etengabeko garapen eta eraldaketa bizi bizian Azpeitiari zerbitzua emanez, elkar hartu eta herri gisa jokatzen ikasi). Sanagustin kulturgunea, Soreazu antzokia, eta Dinamoa sormen guneaz jardun da Bengoetxea, eta bereziki azkenaz. "Sormenaz aritzeko lantoki bat da dinamoa, eta hainbat zutaberen/premisaren gainean eraikita dago: autonomia eta elkarlana dira abiapuntua, kultura bere osotasunean ulertzen du, herrira begirakoa da, egiteko moduak aldatu ditu (parte hartzetik parte izatera), eta lankidetza eta saretze bideak sustatu ditu. Hitz gutxitan: Elkarrekin egon, elkarrekin egin eta elkarrekin joan. "Ez da modurik onena izango beharbada, baina gure egiteko modua da eta gurean funtzionatzen du", nabarmendu du Albizuk. 
 
Azpeitiarren egiteko moduak eta proiektuaren ezaugarriak entzun ondoren, Gorka Arrese Susako editore izandakoaren txanda iritsi da, koaderno zuriaren egilearena. 'Zer kontatu didate elgoibartarrek?' galderari erantzun dio Arresek. Izan ere, Elgoibarko euskalgintzaren eta kulturgintzaren sistema osatzen duten eragileak elkarrizketatu ditu Arresek eta kuaderno zuri batean bildu ditu erantzun guztiak, 1.900 guztira. Herriko 38 eragile elkarrizketatu ditu: 28 erakunde eta 10 norbanako. "Elgoibar osoa epe laburrean analizatu ezin denez, kalitate bereziko zati bat deskribatzea erabaki nuen", azaldu du. Liburu Zuria izango denaren abiapuntua da kuaderno zuria eta hor, 12 ondorio eta proposamen batzuk jaso ditu. Eta hain zuzen ere, ondorioez solastu dira gero IMHra batutako eragileak, talde txikitan batuta. Hamabi ondorioak lautara ekarri dituzte goizeko saioan, eta honakoak lehenetsi dituzte:
 
1- Euskalgintzako eta kulturgintzako elkarteek, taldeek, egiturek eta eragileek ez dute elkar ondo ezagutzen. Ez dago organorik elkarren arteko komunikazioa errazteko edo laguntzeko.
2- Sortzaile asko dago, ekintzaile asko, eta horiek saretu beharra dago. Elgoibarren, kulturaren arloan ez dago izarrik, lidergorik
3- Euskara eta kultura lehen lerrora ekarri beharra dago.
4- Zein ote dira gazteen desirak? galderari erantzun behar zaio eta garai berrietara egokitu.
 

2020 10 03 euskaraalaezkara2

 
Ia ordubetez jardun dira lau ondorio nagusi horien inguruan solasean taldeak, kulturarentzat Elgoibarren nahiko luketen markoa irudikatzen. Ideia asko bota dituzte eragileen bozeramaileek turrustan, eta laugarren urratsa zein izango den edo guzti honi segida nola eman aztertzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute guztiek. Azkena, berriz, Jon Gurrutxagak eta Urbil Artolak eman diote egunari kantuz, Makina Erremintaren Museoan.

2020 10 02 jongurrutxaga urbilartola euskaraalaezkara