Institutuko bi ikasgela konfinatuta daude bi ikaslek positibo eman ostean

Barren.eus 2020ko urr. 5a, 10:12

Elgoibar BH Institutuko bi ikasgeletako ikasleak berrogeialdian daude, bi ikaslek positibo eman eta gero.

Gela bakoitzeko ikasle banari atzeman diete Covid19a dutela, eta horien ikaskide guztiak daude konfinatuta, badaezpada, etxean. Ikastaldeetako batean, kutsatutako ikaskidearen oso gertuko harremana izan duten zortzi lagun identifikatu dituzte Osasun Saileko profesionalek. Hamar eguneko berrogeialdian jarri dituzte, eta bi PCR proba gainditu beharko dituzte. Beste gelako kasu positiboari dagokionez, oso gertuko hiru kasu hauteman dituzte aztarnariek. Eta horiek ere hamar eguneko konfinamendua osatu beharko dute eta bi PCR proba egin. Oso gertuko harremanik eduki ez duten gainerako ikaskideei PCR bakarra egingo diete.

Era berean, positibo eman duten bi ikasleek harremana izan dute euren ikastaldetik kanpo dauden zentroko beste zenbait ikaslerekin, eta horiei ere PCR proba egitera dei egin die Osasun Sailak.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko ikastetxeetan Covid-19k duen eraginari buruzko datuen berri eman zuen, joan den barikuan. Orotara 156 ikasgela daude itxita, 114 ikastetxetan, eta ez dago aurrez aurreko jarduera etenda duen ikastetxerik.
2020-2021 ikasturtean, Euskal Hezkuntza Sistemak 17.554 ikasgela ditu guztira (2 urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino). Itxitako ikasgelen kopurua ikasgela guztien % 0,89 da.