Batxilergoko 164 ikasle konfinatuta daude Elgoibarko institutuan koronabirus agerraldi bategatik

Barren.eus 2020ko urr. 8a, 08:26

Elgoibarko Institutuko Batxilergoko lehenengo maila konfinatuta dago, 164 ikasle eta 6 irakasle. 

Elgoibar BH Institutuko 164 ikasle konfinatu dituzte aste honetan, hainbat koronabirus kasu agertu direlako ikasleen artean. Osasun Sailak agerralditzat hartu du Elgoibarko Institutuko egoera, eta ondorioz, Batxilergoko lehen mailako ikasle guztiak bidali dituzte etxera. Astelehenean bi gela konfinatu zituzten, gela bakoitzean kasu positibo bana azaldu zelako, eta horien gertuko kontaktuei eta gelakideei egin zizkieten PCR probak. Ondorengo egunetan kasu gehiago atzeman zituzten, eta, ondorioz, maila osoa konfinatu zuten. Ikasle guztiek bi PCR proba pasatu beharko dituzte. Bi gela hilaren 13ra arte egongo dira etxean, beste gela bat hilaren 15era arte eta gainerako hiru gelak hilaren 17ra arte, betiere positibo berririk agertzen ez bada.
Ikasleak online ari dira eskolak jasotzen, bideokonferentziaz eta Interneteko beste hainbat plataformaren bidez. Gurasoei lasaitasunerako mezua helarazi die Iñaki Odriozola ikastetxeko zuzendariak, ikasgai guztiak bere osotasunean ematen ari direla esanez.
Ikasleez gain, sei irakasle ere konfinatuta daude, irakasle batek positibo eman duelako. Iñaki Odriozola zentroko zuzendariak jakinarazi duenez, irakasle hori ikastetxetik kanpoko ekitaldi batean kutsatu zela uste dute.

Mendaro Ikastolan ere LH5eko gela bat konfinatu dute, ikasle batek positibo eman duelako. Ikasle guztiek bi PCR proba egin beharko dituzte, eta ondo bidean, urriaren 13an itzuliko dira gelara. 

∞Lotura duten albisteak: