Europar Batasuna osatzen zuten estatu kideetako ikasleei beste estatu batean ikasketak egitea ahalbidetzen zien Erasmus izeneko programa jarri zuten abian 1987ko ekainaren 15ean. Urteotan hiru milioi gazte baino gehiagok bizi izan dute Erasmus esperientzia, hezkuntza programa bat izatetik fenomeno sozial eta kulturala bilakatu baita. Atzerriko herrialde batean bizitzeko lehen aukera izan da gazte askorentzat. Duela lau urte 'ErasmusDays' egunak antolatzen hasi ziren programa honek Europako gazteen artean zabaldu dituen baloreak jendartean bistaratzeko asmoz. Iaz, esaterako, ia 4.000 ekitaldi antolatu zituzten 53 herrialdetan.
Elgoibarko Meka LH ikastetxeak 2007az geroztik parte hartzen du Erasmus + programan, eta aurten ere bat egin dute ErasmusDays ospakizunarekin. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, bideo bat grabatuko dute ikastetxeak Erasmus programarekiko duen konpromisoa eta atxikimendua adierazteko. Ikastetxeko departamendu guztietako kideek parte hartuko dute grabazioan. Bestetik, Ser irratiak zuzeneko saioa egingo du ikastetxetik eguen honetan, urriaren 15ean. Erasmus programaz gainera beste gai batzuk ere landuko dituzte irratsaioan, besteak beste, Covid19ak sortutako egoerari nola erantzun dion zentroak, hurrengo urteetarako dituzten proiektu estrategikoak, e.a.
• Zozketa sare sozialetan
Azkenik, sare sozialetan ikasle eta irakasleen partaidetza sustatzeko asmoz, Mekak Twitter, Facebook eta Instagram sareetan dituen kontuetan zozketa bat antolatu dute. "Mugikortasun batean parte hartu duten guztiak beraien esperientzia islatzen duen argazkia eta esaldi bat igotzera animatzen ditugu", azaldu dute. Urriaren 15etik 17ra parte hartu daiteke. Partaide guztien artean 60 euroko erosketa bono bat zozkatuko dute, Txankakua elkarteko edozein dendatan gastatzeko, eta "bide batez tokiko komertzioa bultzatzeko".
Mekako ikasleek, irakasleek eta ikastetxeko zenbait bazkidek Erasmus programaren inguruan izan dituzten bizipenak hainbat bideotan jaso zituzten iaz.