Javier Ezenarro Oroitzarrea txirrindulari lasterketa industrialdean hasi eta bukatuko da

Barren.eus 2020ko urr. 16a, 11:35

Mendaroko Txirrindulari Taldeak jakinarazi du "berezia" izango dela aurtengo Javier Ezenarro Oroitzarrea. Besteak beste, irteera zein helmuga puntura ez gerturatzeko eskatu diete zaleei. Zapatu honetan, hilaren 17an, jokatuko da lasterketa.

Uda bete betean jokatzen den proba udazkenean sartuta jokatuko da aurtengoan. Pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera berezi honetan lasterketa antolatu ahal izateko hainbat lagunengandik jaso duten laguntza eskertu du Mendaroko Txirrindulari Taldeak. Txirrindulari federaziotik bidali dieten protokolora egokitu ahal izateko irteera eta helmuga lekuz aldatu behar izan dituzte. Hala, Kurutz gain industrialdean hasi eta amaituko da lasterketa, eta industrialdea itxita egongo da. Norbanakoek mugatua izango dute sarrera. "Mesedez, beraz, ez gerturatu irteera zein helmuga puntura, jende pilaketak saihestea dagokigulako", erregutu dute.

Lasterketan parte hartuko duten txirrindulariek ere hainbat neurri jarraitu beharko dituzte. Helmuga gurutzatu bezain azkar maskarak jantzi beharko dituzte txirrindulariek. Antolakuntzan arituko diren laguntzaileei ere industriagunera oinez gerturatzeko eskatu diete.
Junior mailako txirrindularientzako proba honek 84 kilometroko ibilbidea izango du eta Gipuzkoako txapelketako proba izango da. 16:00etan izango da irteera. Ibilbidean ere aldaketa batzuek egin dituzte, baina ez dute eskuorririk banatuko.

2020 10 14 javier ezenarr oroitzarrea MTE kartela

∞Lotura duten albisteak: