Osakidetzak 29 kasu atzeman ditu Elgoibarren azkeneko hiru egunetan, eta zazpi Mendaron

Barren.eus 2020ko urr. 19a, 12:24

 

 
Elgoibarren, hamar kasu berri atzeman zituzten barikuan, lau zapatuan, eta hamabost atzo, domekan. Joan zen eguenean, hilaren 15ean, zenbatu ziren orain arteko kasu gehien Elgoibarren egun bakarrean, 15, eta kopuru hori bera errepikatu zen atzo. Egoera larria da beraz. Eusko Jaurlaritzak koloretako semaforoaren sistema jarri du martxan COVID-19ak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan herriz herri izaten ari den eragina erakusteko. Semaforoak kolore berde, hori, laranja edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan azaleratutako koronabirus kasu berrien arabera. Kolorea berdea izango da intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beherakoa denean; horia, 60-299 kasu artekoa denean; laranja 300-499 kasu artekoa denean; eta gorria, 500 kasukoa edo gehiagokoa denean. Eta gaur ere, argi gorriko ageri da Elgoibar, 673,28ko intzidentzia tasarekin. Gipuzkoan, hamalau herri ageri dira kolore gorriko: Deba, Eibar, eta Elgoibar gure eskualdean (Ermua ere bai, Bizkaian), eta gainerakoak honako hauek: Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Zumaia eta Zumarraga. 2.000 biztanle pasatxoko herria izanda Mendaro ez da semaforoan ageri, baina egoera, larria da han ere. Barikuan, sei positibo zenbatu zituzten Mendaron eta bat atzo, eta beraz, barikutik atzora bitartean, zazpi kasu berri atzeman dituzte. Azken halamau egunotako datuak aintzat hartuta, intzidentzia-tasa 981,77koa da beraz Mendaron. 
 
Debarrarrena bere osoan hartuta ere, egoera benetan da kezkagarria. Hona hemen azkeneko hiru egunotan herriz herri pilatu diren positibo kasu berriak eta herri bakoitzari dagokion intzidentzia tasa parentesi artean. 
 
  • Mallabi 3+1+1 (766,61)
  • Ermua 6+21+1 (592,31)
  • Eibar 16+13+14 (506,50)
  • Elgoibar 10+4+15 (673,28)
  • Deba 5+1+6 (642,79)
  • Soraluze 8+6+2  (660,40)
  • Mutriku 2+2+2 (431,20)
PCR probak eta emaitzak adin tarteka
Osasun Sailak emandako datuen arabera, zapatuan, 12.063 PCR proba egin zituzten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, eta horietatik 742k emaitza positiboa eman zuten (%6,2): 333 Gipuzkoan, 302 Bizkaian, 100 Araban. Adin tarteari erreparatuz gero, 40 eta 64 urte bitartekoetan zenbatu ziren positibo gehien: 280. Gainerako, adin tarteetako emaitzak hemen: 0-18 (117) / 19-39 (194) / 40-64 (280) / 65-79 (88) eta 80 urte edo gehiagokoak (62)
 
 I(D)/I(D-7) intzidentzia tasa 1,31koa zen zapatuan, eta gora egin du, atzo, 1,37koa zelako. Atzo, 7.838 PCR proba egin zituzten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian eta horietatik 657k eman zuten positibo (%8,4) Adin tarteka, banaketa honakoa izan zen: 0-18 (114) / 19-39 (181) /  40-64 (248) /  65-79 (63) eta 80 urte edo gehiagokoak (32)