Streaming bidez zabalduko dute gaur Alberto Gonzalezen Muga taldeak Euskararen Etxean emango duen ikuskizuna

Barren.eus 2020ko urr. 22a, 15:29

 

Hi(ZKI)bridoak zikloaren udazkeneko bigarren saioa izango da gaurkoa, bai eta Loraldia jaialdiarekin azken hitzordua ere. Gaurko ekitaldia, hain zuzen ere, Loraldiarekin ondu dute elkarlanean. Disziplina askotariko ikuskizuna da Alberto Gonzalezen Muga, poesia, musika eta ikusi-entzunezkoak batzen dituelako. Xabier Montoiaren Anfetamiña lehen poema liburuan du lehen hazia. Alberto Gonzalez musikari elgoibartarrak (Aterkings, Uler 600 edo 6nemen9 bandetako kide izan zen Gonzalez) bihurtu zuen kantu. Proiektuan, baina, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista…), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas…) eta Itziar Beristainek (taldearen ahotsa) ere parte hartzen dute, bai eta J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariak ere, berak sortu dituelako proiekziorako irudiak. 40 urte inguruko poemak rock melodian entzun ahal izango dira beraz.