Elgoibarrek hainbat egun daramatza pandemiagatik semaforoa gorrian duela, eta EHBilduren ustez, herritarren artean kezka handitu egin da. “Ekiteko unea da, neurriak hartzekoa. Ezin gara besoak gurutzatuta egon goragoko instantzia batek neurriak noiz hartuko zain”, esan dute. Horrelako larrialdi baten aurrean, Udalak “parte aktiboa” izan behar duela uste dute. “Ikusten ari gara guretik gertu dauden eta antzeko ezaugarriak dituzten udalerrietan baheketa masiboak egiten ari direla. Azpeitian, Azkoitian, Durangon... eta orain jakin dugu Ermuan eta Mallabian ere egingo direla. Eta Elgoibarren?”. Alarma egoeran gaude, eta EHBildutik uste dute ezin dela denborarik galdu: “Azkar eta arin jardun behar dugu helburu bakar batekin: elgoibartarren osasuna zaintzea eta pertsona ahulenak babestea”.