“Pertsona askok oztopoak jartzen dituzte lan-arrazoiengatik, baina azaltzen diegu osasun publikoko arazo bat dela”

Barren.eus 2020ko urr. 30a, 12:01

Koronabirusaren kontrako borrokan ezinbesteko lana egiten ari dira aztarnariak, positibo eman duten herritarren kontaktuak azkarrago atzemateko eginahalean ari direlako. “Familian eta gizartean” detektatutako kasuak jaso eta kudeatzen dituzte, lan-arloan atzemandako kasuak prebentzio-zerbitzuek eta Osalanek, aztertzen dituztelako. Eta aztarnarien egitekoa zein den hobeto ezagutzeko Debabarreneko ESIko aztarnariengana jo dugu argibide eske. Talde osoaren izenean, Laura Martin Roca koordinatzaileak erantzun die gure galderei, idatziz.

 • Gure eskualde osoari ematen diozue zerbitzua Debabarreneko ESIko profesionalok. Zenbat profesional zarete, zein arlotakoak? Nola zaudete antolatuta? Non duzue egoitza eta zein da zuen lan-eremua?
Aste honetatik aurrera, taldean 12 profesional gaude. Eibarko Ospitaletik lan egiten duten gizarte-langile bat, 4 erizain, 6 fisioterapeuta eta administrari bat ditugu, astelehenetik igandera 8:00etatik 22:00etara. Gainera, sarean lan egiten dugu, hau da, gure eskualdeko kasuak amaitzen baditugu, beste erakunde bati laguntzen hasten gara, eta alderantziz. Beste erakunde batek bere positiboak kudeatzen amaitzen badu, beste erakunde bati laguntzen dio. Lankidetza-lana egiten da sarean, erakunde batzuek beste batzuei lagunduz; erakunde bakoitzak sare orokor baten barruan lan egiten duen bere “mini” sarea du.

 • Gauza jakina da koronabirusean positibo eman dutenen kontaktu estuak ahalik eta azkarren detektatzea dela zuen egiteko nagusia, transmisio-katea eteteko, baina zeintzuk beste eginkizun dituzue?
Guk familian eta gizartean detektatutako kasuak jaso eta kudeatzen ditugu, positiboa eman duenarekin harremanetan jartzen gara eta miaketa egiten dugu, hau da, gaixotasunaren eraginpean egon diren pertsonak identifikatu, informatu eta kudeatzen ditugu, transmisioa prebenitzeko eta geldiarazteko. Gainera, egunero Osakidetzako osasun publikoko, epidemiologiako eta koordinazioko teknikariekin koordinatuta lan egiten dugu. Horiekin batera, gure ESIko koronabirus-fokuekin zerikusia izan dezaketen kasuak ere baloratzen ditugu. Beste herrialde batzuetatik datozen pertsonak gure udaletan erroldatzeari buruzko datuak ere jasotzen ditugu, baheketa bidez egiten den PCR bat tramitatzeko. Eskaera izapidetu eta emaitzaren berri ematen dugu.

 • Nola hartzen dute herritarrek zuen deia? Eta zeintzuk izaten dira deia jasotzen duten herritarrek egin ohi dizkizueten galdera nagusiak?
Era guztietako erreakzioak daude. Positiboak direla jakin ondoren laguntzeko oso prest dauden pertsonak daude, bai eta era guztietako oztopoak jartzen dituzten pertsonak ere; horiekin enpatizatzea oso zaila da, eta batzuetan ez dugu lortzen. Pertsona askok oztopoak jartzen dituzte lan-arrazoiengatik, baina azaltzen diegu osasun publikoko arazo bat dela eta baja justifikatuta dagoela.

2020 10 30 koronabirus aztarnariak lanean eibar debabarrena esi

 • Zabaldu zen hasieran jende batek uko egiten ziola bere kontaktu estuak izan direnen izenak emateari, arrazoi ezberdinak tarteko. Zer suposatzen dute traba horiek zuentzat? Nola egiten duzue jatorrira iristen saiatzeko?
Denbora behar da, behin eta berriz adierazi behar baitzaie sintomarik ez izateak zer ondorio izan ditzakeen kuadrillan, familian, udalerrian… eta kontaktu estuak izan direnen izenak ezkutatzeak transmisio-katea moztea ezinezko egiten duela.

 • Zein irizpide erabiltzen dituzue pertsona bat kontaktu estua dela erabakitzeko?
Kontaktu estua da kasuaren leku berean egon den edozein pertsona, 15 minutu baino gehiagoan 2 metro baino gutxiagora. Gainera, auto berean bidaiatu duten pertsonak kontaktu estutzat jotzen dira. Gainera, beste irizpide batzuk erabiltzen dira, hala nola espazio irekiak eta itxiak, aireztapena duten espazioak, espazioaren metro koadroak eta egiten den jarduera mota.

 • Maskara erabiltzea, positiboa den horrekin kontaktua espazio itxian edo aire librean eduki izana… Zalantzak ere sortzen dira batzuetan. Demagun bulego itxi batean, mahaitik mahaira metro eta erdiko distantzia mantentzen den kasuan. Batek positibo eman ezkero, denak isolatu beharko lirateke? Ala maskara janzteak saihestuko luke denak konfinatzea?
Aztertu egin behar da egoera bakoitza, bulegoko pertsona-kopurua, haren dimentsioak, egiten duten jarduera mota, leku horretan zenbat denbora igarotzen duten, aireztapena…

 • Beste kasuistika bat, azken egunotan Elgoibarren eta Mendaron ikastetxeen bueltan izan diren hainbat kasuri lotuta. Haur batek positibo eman duenean haren gela osoa bakartu izan dute (48 orduko irizpidea
bete denetan) eta baita ondoko gelako ume jakin batzuk ere bai. Kasu horietan zeinek erabakitzen du zein den kontaktu estua? Zuek? Ikastetxeak? Gaixoak berak? Eta zer azalpen du gelakideak konfinatzeak eta gela horretako tutorea ez?
Eskola-miaketa egiteko, jarraitzen dugun prozeduran ikastetxeak, ikasleak, familiak eta Osakidetzak parte hartzen dute. Jokatzeko modua desberdina da haurraren adinaren arabera eta maskara erabiltzearen edo ez erabiltzearen arabera.

 • Kontaktu estuek, positiboak zein negatiboek, etxean isolatuta egon behar dute. Zenbat egun? Eta zenbat PCR egiten zaizkie?
Kasu positiboen isolamendua 10 egunekoa da emaitza jasotzen denetik, betiere azken 3 egunak sintomarik gabe egon badira. PCR negatiboa eman duten gainerako kontaktuak 10 egunez isolatzen dira, kasuarekin azken kontaktua izan dutenetik, eta PCR proba errepikatzen da, bigarren PCR hori negatiboa bada eta pertsonak sintomarik ez badu, berrogeialdia amaitzen da.

 • Positibo direnak bakartu egin behar dira, baina nolako jarraibideak ematen dizkiezue etxean beste batzuekin batera bizi diren positiboei?
Oro har, hauek dira gomendioak: Komunera joateko bakarrik irten daitezke gelatik positibo eman dutenak. Bi bainugela badaude, positiboa eman duenak bat erabiliko du, eta familiakoek bestea. Bainu bakarra badago, erabili ondoren lixibarekin desinfektatu behar da. Arropak bereizita eta ur beroarekin garbitu behar dira (60/65 gradutan).
Otordua gelara eraman behar zaio erretilu batean, atea jo eta berak jaso behar du. Platerak eta mahai-tresnak ontzi-garbigailuan garbitu behar dira, edo bestela azkenean, gainerako ontzi guztiak garbitu ostean, eta ur beroarekin. Isolamendu aldian tresna berberak erabili behar dira. Gelatik irtetean beti maskara erabili behar dute. Ez da etxean bisitarik jaso behar.

 • Etxe batean, positibo eman duena negatibo eman dutenak baino aurretik gelditu ohi da libre, beste probarik egin gabe. Ez da erraza ulertzeko. Azalduguzu horren arrazoia.
PCRa diagnostiko-proba bat da, eta positiboa bada, ez da errepikatu behar. Orain arteko ebidentziaren arabera, kasu batek alta jasotzen duenean, kutsatzeko gaitasuna ia nulua da. Hasieran negatiboa ematen duten kontaktuei errepikatu egin behar zaie proba, berrogeialdian zehar positibizatu diren jakiteko.

 • Gaitza pasatu dutenek immunitatea garatzen dute. Positibo eman duen haur bat libre da berriro konfinatzetik, beste gelakide batek positibo emango balu? Zenbat denborarako? Eta berdin nagusiekin, jakina. Immunitatea betirako ez dela jakinda, zein irizpideren arabera hartzen dira horrelako erabakiak?
Oraingoz, gaixotasuna aurreko 3 hilabeteetan igaro bada eta sintomarik ez badu, ez du isolamendurik behar. Denbora gehiago igaro bada, serologia eta PCRa eskatzen dira, eta antigorputzak baditu, berrogeialdi horretatik libratu daiteke.

 • Positiboa eman duena salbuetsita dago maskara erabiltzetik?
Ez, ez dago erabiltzetik salbuetsita. Prozesu horren ondoren alta eman zaien pazienteei prebentzio-neurriak gainerako herritarrek bezala egiten jarraitu behar dutela adierazi zaie.

 • Mugikortasuna mugatzeko neurri berriak iragarri ditu Jaurlaritzak eta semaforo sistema bat ere ezarri du udalerriak zein egoeratan dauden bereizteko. Gorrian dago Elgoibar. Positiboa den bakoitzeko
zenbat kontaktu estu ari zarete antzematen zuek? Barneratuta al daukagu herritarrok gure harremantzeko moduak aldatu behar ditugula?
Batzuek bai eta beste batzuek ez dute barneratu. Egunerokotasunak erakusten digu gaiarekin oso sentibera den jendea dagoela eta harremanak murriztu eta neurriak zorroztu dituela, baina zoritxarrez
beste jende askok ez die gomendio horiei kasurik egiten, eta ia egunero aurkitzen ditugu kontaktu asko eta asko.

 • Radar Covid aplikazioa ere martxan da? Zertarako da erabilgarria?
Radar Covid aplikazioa denon eskura dagoen tresna bat da, kasu batekin kontaktu estuan egon zaren jakiteko. Bluetooth geolokalizazioarekin funtzionatzen du. Bi miaketa-talde ari dira kontaktu posible horiez arduratzen. Kontaktu posible bakoitzarekin azterlan bat egiten da, kasuaren konfidentzialtasuna bermatuta. Oraingoz, aste gutxi daramatzagu martxan Euskadin.

 • Semaforo gorrian dago Elgoibar une honetan. Inguruko beste herri batzuetan test masiboak egin izan dituzte, urrutira gabe Azpeitian eta Azkoitian. Zeren arabera erabakitzen da herri batean test masiboak egitea ala ez?
Ez daukagu informazio hori.

 • Eta bukatzeko. Koronabirusa beste gairik ez dagoen sasoian, nola egiten duzue arnasa hartu eta deskonektatzeko zuek, gaixoekin eta haien kontaktu zuzenekin harreman estuan zaudetenok?
Galdera ona: beste edozein pertsonak bezala saiatzen gara bizi dugun egoera honetatik deskonektatzen arrisku handirik ez dakarten jarduerak eginez: mendira joan, irakurri, bideokonferentziak egin, kirola eginez bakarka eta aire librean...