Mendaroko PSE-EE alderdiko bozeramaile Maria Jose Telleriak jakinarazi duenez, dagoeneko erregistratu dituzte udalean 2021eko udal aurrekontu proiektua hobetzeko egin dituzten hamazortzi proposamenak. Horiek gauzatzeko 1.170.700 euro beharko liratekela kalkulatu dute sozialistek. Ekimen guztiok diruzaintza-gerakinarekin ordaintzea proposatzen dute. Diru-kopuru handiena, 500.000 euro, igogailu publiko bat eraikitzeko izango litzateke. Alderdi sozialistako bozeramaileak prentsa ohar bidez azaldu duenez, Mendaroko Ospitalerako irisgarritasuna hobetuko luke igogailuak, "ospitala herrigunetik urrun baitago eta erabiltzaileentzat zaila da bertaraino ailegatzea".
Telleriak enfasi berezia jarri du tokian tokiko ekonomia sustatzean eta lanpostuak sortzean, eta horien aldeko ekimenak eta politikak 2021eko udal aurrekontuetan agertu behar direla uste du. "Mendaroko enpresek beharginak kontratatzeko 150.000 euroko diru-laguntza bat proposatu diogu Mendaroko Udal Gobernuari, eta 25.000 euroko beste partida bat lanpostu beharren inguruko aholkularitza bulego bat sortzeko", adierazi du. Ekingune elkartearentzako 700 euroko diru-laguntza bat ere proposatzen dute, ekintzailetza sustatzeko. Kontsumoa bultzatu eta bonoen bidez herriko komertzioetan erosketak egitea sustatzeko ere 12.000 euroko partida bat proposatu dute.
Deialdiak, kontratuak, lizitazioak eta antzerakoak kudeatzeko goi mailako teknikari baten aldi baterako kontrataziorako proposamena ere ageri da proposamenen artean. Horretarako 50.000 euro aurreikusten dituzte.
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko zenbait proposamen ere landu eta aurkeztu dituzte Mendaroko sozialistek. Ikastolan plaka fotoboltaikoak ipintzea (75.000 euro) da horietako bat. Era berean, kaleko argiterian LED erako argiak ipinita kontsumoa asko murriztuko litzatekeela uste dute, eta 150.000 partida proposatzen dute 2021. urterako, "eta beste horrenbeste, 2022 eta 2023 urteetako aurrekontuetarako ere", gaineratu dute.
Baserri bideak konpontzeko udal gobernuaren partida 90.000 euroan handitzea da PSE-EEren beste proposamenetako bat, 150.000 euroko diru partida guztira. Gazteentzako hobekuntzak ere planteatzen dituzte, besteak beste, gazteei zuzendutako indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio-ekintza baterako 7.000 euroko diru-partida, eta beste 3.000 euro eskolaurreko ikasle bakoitzari liburu bat euskaraz, beste bat gaztelaniaz eta beste bat ingelesez oparitzeko, irakurzaletasuna sustatzeko 'Book Start' Europako proiektuarekin bat eginda.
Mendaroko PSE-EEk www.socialistasvascos.com webgunean zintzilikatu ditu Mendaroko Udalean aurkeztu dituzten 18 proposamenak