2021erako ordenantza fiskaletan aldaketak onartu ditu Mendaroko udalbatzak

Barren.eus 2020ko aza. 30a, 11:57

Ordenantza fiskalen aldaketak onartu ditu Mendaroko Udalbatzak, EH Bilduk proposatuta eta PSE-EEk babestuta, besteak beste, Mendaroko familia ugariei kontribuzioan eta ibilgailuen zergan hobariak eta 1990etik aurrera eraikitako etxebizitza hutsei errekarguak ezarriko zaizkie.

Mendaroko udalbatzak joan den azaroaren 26an eginiko osoko bilkuran onartu zituen hainbat aldaketa ordenantza fiskaletan.

Udalbatzak aho batez onartu zituen famili ugarien inguruan proposatutako neurriak, EAJ, EH Bildu eta PSE aldedien aldeko botoarekin. Mendaroko EH Bilduk jakitera eman duenez, familia ugariek hobariak izango dituzte urteko kontribuzioa (Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga) eta ibiligailuaren zerga (Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga) ordaintzeko. Hobari horiek seme-alaba kopuruaren arabera eta diru sarreren arabera modu progresiboan aplikatuko dira. "Hau horrela, adibidez, hiru seme-alaba izanik urtean 24.000 €tik beherako diru sarrera gordinak dituztenek %90eko hobaria izango dute. Bigarren tramoan, urtean 50.000 € arteko diru sarrera gordinak dituztenek %50eko hobaria izango dute eta azkenik, urtean 90.000 € arteko irabazi gordinak dituztenek %15ekoa", azaldu dute. Ibilgailuetan aldiz, tramoak berdinak izango dira baina hobariak %40, %30 eta %20koa izango dira.
Bestalde, 1990tik aurrera eraikitako etxebizitza hutsek %50eko errekargua izango dute kontribuzioan, EH Bilduk proposatutako neurriak PSE-EEren aldeko botoa jaso eta gero. Bi neurriok Mendaroko bizitza soziokomunitarioa biziberritzeko pentsatutako neurriak direla azpimarratu du EH Bilduk. "Azken urteetan beheranzko joera hartu duen jaiotze-tasa suspertuz, alde batetik, eta etxebizitza hutsen alokairua bultzatuz, beste aldetik".

2020 11 30 Mendaro