Reyes Prados: “Euskarak eman dit Euskal Herriarekiko maitasuna”

Barren.eus 2020ko abe. 4a, 10:11

Reyes Prados (Sevilla, 1982) orain dela 15 bat urte iritsi zen Euskal Herrira, euskaraz eta euskaldunez ezer gutxi zekiela. Bilbon hasi zen lanean, hiru hilabeterako kontratu batekin, epe hori amaitu ostean berriz ere Sevillara itzultzeko asmoz. Baina Sevillara itzuli beharrean, Elgoibarrera etorri zen bizitzera orain dela lau urte. Gaur, Ahobizi txapa soinean, eta euskara ahoan, bizi da.

  • Noiz eta nola hartu zenuen Sevillatik Euskal Herrirako bidea?
23 urte nituen orduan, eta ez zen erabaki erraza izan, baina aukera berriak probatzeko asmoz etorri nintzen. Ordura arte beti Sevillan bizi izan nintzen. Han jaio nintzen, ikasketak ere han egin nituen, lanean ere han aritu nintzen... Hiru hilabeterako lan kontratua eskaini zidaten eta asmo horrekin etorri nintzen. 14 urte geroago, hemen jarraitzen dut.

 • Euskal Herrira iritsi zinenean, zer zenekien Euskal Herriaz, euskaraz eta euskaldunez?
Nik banekien Euskadi edo País Vasco hor zegoela, Espainiako iparraldean, baina euskarari buruz ez nekien ezer. Getxon bizitzen jarri nintzen, eta han ez zegoen euskal giro handiegirik, eta ni, gainera, ez nengoen euskal giroan murgilduta. Orduan erdalduna nintzen, eta erdal giroan mugitzen nintzen. Poliki-poliki hasi zitzaidan pizten euskararekiko interesa. Kalean ‘agur’ entzuten nuen, eta pentsatu nuen hori izango zela ‘adiós’. Eta horrela hasi nintzen bati zein besteari galdetuz euskara ikasten, baina berehala konturatu nintzen hori ez zela nahikoa hizkuntza ikasteko, eta euskaltegian eman nuen izena. Esan zidaten euskara oso zaila zela, baina nik saiatu nahi nuen.

2020 12 03 reyes prados elgoibar elkarizketa barren kalegoen

 • Euskararen topiko tipikoa: ‘Euskara oso zaila da’.
Bai, zaila da, bereziki ez daukalako gaztelaniarekin zerikusirik. 30 urterekin hasi nintzen eta hasiera gogorra egin zitzaidan. Baina nik saiatu nahi nuen, eta lortu dut euskaraz hitz egitea. Oraindik asko daukat ikasteko, akats asko egiten ditut, baina jendeak ulertzen dit, eta hori asko da niretzat. 9 hilabetez aritu nintzen euskaltegian, bost orduz egunero. Baina hala ere, telebista edo irratia pizten nituenean ez nuen ezer ulertzen, eta konturatu nintzen entzumena gehiago landu behar nuela. Lagun batekin hitz egin nuen eta esan zidan ezagutzen zuela baserrian hartuko ninduen familia bat. Errezilgo baserri batera joan nintzen, apur bat beldurtuta, baina aldi berean, pozik. Oso gustura egon nintzen, pila bat ikasi nuen eta oraindik ere oso harreman ona daukat beraiekin. Hori izan zen hartu nuen erabakirik egokiena.

 • Euskara ikasi duzunetik esango zenuke Euskal Herria beste modu batean ikusten duzula?
Bai, zalantzarik gabe. Euskara ikasi dudanetik konturatu naiz herria eta hizkuntza erabat lotuta daudela. Zoragarria da. Niri izugarri gustatzen zaizkit hizkuntzak, eta, bereziki euskara, oso hizkuntza berezia delako. Susmoa neukan zerbait galtzen ari nintzela, eta zerbait hori zen hizkuntza; guztiaren oinarria. Nahiz eta gutxi hitz egin edo gaizki hitz egin, euskararekin oinarria badaukazu, eta horrekin gainerako guztia hobeto ulertzen da.

 • Hizkuntzak gustuko dituzula esan duzu. Esango zenuke hizkuntzak ikasteko erraztasuna duzula?
Hori esaten didate, baina ez dakit erraztasuna den edo jakinmina. Nik hitz egiten ditut gaztelania, nire ama hizkuntza, euskara, ingelesa eta frantsesa. Beste hizkuntza batzuk ere ezagutzen ditut, baina ez nuke esango aparteko erraztasunik dudanik, ikasteko gogoa baizik.

 • Euskarak bezala, gaztelaniak ere baditu bere topikoak, eta bat da andaluziarren azentua ez dela oharkabean pasatzen. Zuri, baina, ez zaizu azentua igartzen.
Euskaraz hitz egiten dudanean ez zait nabaritzen, eta telebistan aurkezle lanetan aritzen naizenean ere saiatzen naiz azentua neutralizatzen, baina bestela, kalean, lagun giroan jatorrizko azentua ateratzen dut, eta sevillar peto-petoa naizela igartzen zait berehala. Ez dut galdu nahi, gainera! Azentu hori nire jatorrizko azentua da, eta betiko gordeko dut.

 • Zer eman dizu euskarak?
Gauza asko. Batetik, hizkuntza berri bat ezagutzeko aukera eman dit, eta hori bada zerbait. Hizkuntza da herri honen oinarria eta niri euskarak eman dit Euskal Herriarekiko maitasuna. Jatorriz ez naiz Euskal Herrikoa, baina orain hemen bizi naiz, eta euskara ikasten hasi nintzenetik maitasun hori handituz joan da.

 • Euskara ikasi duzu, eta euskaraz lan egiten ari zara orain.
Bai, eta hori niretzat sekulako erronka izan da. Euskaltegian euskara batua irakasten dute, eta hori da benetan hizkuntza honen oinarria, euskara baturik gabe zaila delako hizkuntza arautzea, baina konturatzen nintzen jendeak kalean desberdin hitz egiten zuela, eta hori ez zela ni ikasten ari nintzena. Baserriko egonaldiak lagundu zidan euskalkien mundua ezagutzen, eta nolabait nire euskalki propioa sortzen. Eta hortik euskaraz lan egiten hastera beste pauso garrantzitsu bat eman nuen. Orain ETB1erako programa berri batean ari naiz lanean, eta euskalki desberdinak hitz egiten dituen jendearekin egoten naiz harremanetan. Egon naiz gernikar batzuekin, Zuberoko beste batzuekin... Sevillakoa izanik, zuberoar batekin euskaraz hitz egin ahal izatea niretzat mundiala da. Horretarako batua jakitea beharrezkoa da.

2020 12 03 reyes prados elgoibar elkarizketa barren

 • Ahobizi txapa duzu soinean. Zer moduz ari zara zure rola betetzen?
Aurreko edizioan Belarriprest izan nintzen, eta orain, aldatzea erabaki dut. Belarriprest banaiz, baina Ahobizi ere bai, eta gero eta gehiago, gainera. Gustura ari naiz parte hartzen. Horrelako ariketak beharrezkoak dira jendea kontzientziatzeko; lortu behar dugu jendea animatzea euskaraz hitz egin dezan. Ni konturatu naiz Euskal Herriko jende asko ez dela ausartzen euskaraz hitz egiten, eta ez dut ulertzen arrazoia. Ez dakit lotsagatik den edo hanka-sartzeko beldurragatik, baina pena ematen dit. Euskara zoragarria da, eta nahiz eta gutxi jakin, nik jendea animatu nahi dut hitz egitera. Uste dut horrelako ariketekin jendea gehiago animatzen dela euskaraz hitz egitera. Nik neuk hankasartze asko egiten ditut, eta eskertzen dut euskaldun zaharrek zuzentzea. Beste batzuei agian ez zaie hori gustatzen, baina nire ustez ikasteko oso garrantzitsua da norbaitek akatsak zuzentzea.