Amaia Goikoetxea: “Hemen, zazpiren lana egiten aritu gara hiru-lau mediku oraintsu arte”

Barren.eus 2020ko abe. 4a, 11:49

Amaia Goikoetxea (Azpeitia, 1960) familia-medikua da eta azkeneko hamabi bat urtean Elgoibarko anbulatorioan pasatzen du kontsulta. Pandemia dela-eta Elgoibarko anbulatorioan hartu diren neurriez hitz egin dugu berarekin, bai eta zentroko langileen lan-baldintzez eta haien egiteko moduez ere. Pandemia egoeran lan-karga izugarri handitu zaiela esan du Goikoetxeak, eta martxotik urrira bitartean gainezka jardun direla sarri, anbulatorioan lehendik zituzten gabezi batzuei pilatu zaielako lan-karga handitze hori. Herritarren kexekiko ulerkor agertu da Goikoetxea, eta lasaitasuna eta osasun sistemako langileengan konfiantza izateko eskatu die herritarrei.

  • Koronabirusaren pandemiagatik anbulatorioetako zerbitzuak egokitu egin behar izan zituzten martxoan. Nola ari zarete orain?
Telefono bidezko kontsultak ematen ari gara gehienbat, ikusten duzun bezala lekuak ez duelako ematen. Eraikin hau eskasenetako bat da. Espazio txikia eta estua da hau, distantziak eta edukiera-kontuak zaindu behar ditugu, eta honek ez du ematen gehiagorako. Hala ere, jendeak ez dezala pentsa aurrez aurre ikusten ez ditugunik pazienteak. Gertatzen dena da triaje guztia [zaintza behar handiagoa dutenak aukeratzeko eta sailkatzeko metodoa] telefonoz egiten ari garela. Hau da, lehenengo harremana telefonoz egiten dugu pazientearekin, eta gero, guk, medikuok, erabakitzen dugu zein daukagun aurrez aurre ikusi beharra eta zeini lagundu ahal diogun telefonoz. Lan-karga, baina, izugarri handitu zaigu pandemia hasi zenetik. Ziento bat dei jasotzen ditugu egunero eta zazpi orduko lanjardunak ez digu denerako ematen. Berez, 9:00etatik 10:00etara eta 12:00etatik 13:00etarako tarteak dauzkagu jendea ikusteko goizez ari garenok, eta gainerako orduetan kontsulta telefonikoak eta administratiboak egiten ditugu, asko ugaritu direlako. Bakoitzak, baina, ahal duen moduan administratzen du bere denbora. Nik neuk, esaterako, 8:00etatik 15:00ak arteko lan-jarduna daukat, baina lehenengo orduan jendeari deika hasten banaiz, inor ez dut harrapatzen, txanda ordu horretarako emanda egon arren. Horregatik, eguneko lehen ordu hori historiak begiratzeko edota burokrazia lanak egiteko baliatzen dut.

 • Anbulatorioan telefonoa hartzen dutenak langile administratiboak dira. Gainditu beharreko lehenengo kontua hori dela uste dute herritarrek.
Medikuarekin egon nahi duela esanez deitzen du pazienteak eta harrerakoak zertarako behar duen galdetzen dio. Ziurrenik pazienteak ez dizkio azalpen denak emango, ez dizkio eman nahiko beharbada, baina administratzaileak urgentea den galdetuko dio eta haren arabera emango dio txanda hurrengo egunerako, bi egun barrurako edo dena denerako. Orain, nahiko ondo ari gara txandak ematen, baina udan kaosa izan zen hau, oso mediku gutxi geundelako hemen eta ezin iritsita jardun ginelako lanean, presio handiarekin. Baina, orain, normalean telefono bidezko kontsulta behintzat, biharamunerako ari gara ematen, urgentea ez den kasuetan. Urgentea bada, egunean bertan deitzen diogu medikuok gaixoari edo joaten gatzaizkio etxera, premiazkoa ikusiz gero. Egia da, hala ere, jende bat kexatzen zaigula esanez hamar aldiz deitu behar izaten duela anbulatoriora txanda hartu ahal izateko. Gehienbat horrekin kexatzen da orain jendea, eta hori, jende ugari dagoela telefonoa hartzen.

 • ‘Koronabirusaren sintomak dituzula esanez deituz gero, arreta berehalakoa da, bestela...’, entzun izan diogu bati baino gehiagori kalean.
Ez nago konforme. Koronabirusa ez diren gaietan ere arreta ahal bezain berehalakoa da. Atzo bertan ohetik mugitu ezinda zegoela esanez deitu zidan emakume batek eta etxera joan nintzaion ikustera. Badaude koronabirusa ez diren gaitzak eta esan beharrik ez dago artatzen ditugula bestelako gaixoak ere. Baina koronabirusaren kontu honekin topera dauzkagu agendak. Koronabirusaren sintometako batzuk oso ohikoak dira urtesasoi honetan, eta dei asko jasotzen ditugu, normala den bezala. Horren harira esan behar dut erizainek izugarri laguntzen digutela, beraiek bideratzen dituztelako orain sintomekin deitzen duten guztiak PCR probak edo antigeno probak egitera. Lehen, guk hartzen genituen horiek denak, baina ezinezkoa zitzaigun. Bestetik, egia da positibo kasuak ere nahi baino gehiago direla oraindik, behera egin duten arren, eta horiei jarraipena egin behar zaiela. Eguneko, lau-bost koronabirus kasu izaten ari ginen anbulatorio honetako medikuak. Jaitsi dira positibo kasuak momentuan, baina positibo guztiei bi egunetik behin deitu behar zaie gutxienez, eta horri tramitatu behar izaten ditugun baja nahiz alta paper guztiak eta
bete beharreko txosten guztiak gehitu behar zaizkio. Konturatu gara burokrazia kontuetan denbora asko ari garela galtzen. Paper-jira asko egin behar izaten ditugu, gehiegi. COVID-19ak sortu duen egonezia ere handia da eta hori ere kudeatu behar da.

 • Zer esan nahi duzu horrekin?
Herritarrak urduriago daudela, oldarkorrago, eta hori ere igartzen dugula. Egoerak eragindako zerbait da hori, nik uste, baina egia da erantzun txarrak egunero jasotzen ditugula. Baretuko da giroa, baina garbi daukat lehengora ez garela sekula itzuliko, eta lasai hartzea dagokigula guztioi.

 • Zuen eguneko lan-jardunetik zenbat kentzen dizuete burokrazia kontuek?
Kontsulten heren bat bai behintzat.

 • Uda gogorra izan zenutela esan duzu. Zergatik?
Udan oso-oso gaizki egon ginen hemen. Dena zen telefono-deia eta hiru-lau langile egon ginen hemen zazpi lagunenlana egiten. Gainezka aritu ginen lanean. Egunean bederatzi orduz egiten genuen lan, eta eguneko lanak bukatu gabe joaten ginen etxera, horrek sortzen zigun egonezin guztiarekin. Orduan dei guztiak koronabirusari lotutakoak ziren. Bazirudien ez zegoela beste gauzarik. Etortzeko ere ezin genien esan ezinbestekoa izan ezean eta okerren zeudenak Mendarora bideratzen aritu ginen gehienbat. Kontsulta presentzialik ia ez zegoen orduan. Orain, egun batzuetan gehiago ere bai, baina batez beste egunean zortzi bat paziente ari gara ikusten anbulatorioan. Espazio honek ez du askoz gehiagorako ematen. Begira, solairu honetan bertan lau medikuk dauzkagu kontsultak, eta gehienez hamar lagun egon daitezke, aforo kontuengatik. Distantziak gorde nahi badira, ez dago hemen gehiagorentzako lekurik.

2020 12 04 amaia goikoetxea medikua elgoibar barren

 • Murrizketarik ez zela izan esan ziguten orduan Debabarrenako Erakunde Sanitariotik (ESI), baizik eta egokitu egin behar izan zituztela anbulatorioetako zerbitzuak, koronabirusaren pandemiagatik. Zer diozu?
Egokitzapen batzuk egin ziren, bai, baina murrizketak egon dira eta hori ezin da ukatu. Elgoibarko anbulatorioan hiru lankide izan ditugu bajan denbora luzez, eta ez dute haien ordezkorik ekarri. Geuk bete behar izan dugu haien lana ere, ahal bezala. Udan, mediku bakoitzak bi kupo [mediku bakoitzak bere zaintzapean duen paziente kopuruari esaten zaio kupoa] osatu ditu hemen. Konfinatu beharra ere izan dugu, lankideak ere kutsatu zaizkigulako anbulatorioan lanean ari zirela, eta halakoetan, bistakoa denez, lanean zeudenei pilatu zaie lana, lehenaz gainera. Mendaron ere mobilizatu zen jendea hango anbulatorioko medikuak hona etorri behar izan zuelako, hura lagata. Eromena izan zen. Kondizio txarretan egon gara hemen urria erdialdera arte. Iruditzen zait osasun sistema publiko ona daukagula, baina gauza asko daudela zuzendu beharrekoak eta baliabide pertsonalak ere jarri behar direla.

 • Zenbateko kupoak dituzue?
Mediku bakoitzeko 1.500 paziente inguru ditugu. Normala hori da. Pentsa zer den paziente kopurua bikoiztea, eta are gehiago pandemia egoera batean. Orain, hobeto gaude, egon beharko ginatekeen denok gaudelako teorian.

 • Garai batean 17:00etatik biharamuneko 8:00ak arteko zerbitzua ematen zuten Elgoibarren. Gauerdira arte mugatu zuten gero, eta martxoan, Etengabeko Arreta Gunea (urgentziak, 17:00etatik atzerakoa) itxi zuten. Zerbitzuaren eskaste bat ikusten dute hor herritar batzuek. Zer duzu esateko?
Zerbitzuak kentzea beti dela txarra.

 • Telefono bidezko kontsultekin ere ez dira denak gustura ba.
Martxoan, ohiko kontrolak, analisiak eta abarrak egiteari utzi genion, momentu hartan bazirelako behar handiagoak. Espezialistek ere laga zioten kontsultak pasatzeari eta ebakuntzak ere bertan behera utzi zituzten. Lehentasunak ezarri ziren. COVID-19ak dena estali zuen nolabait esatearren, eta jabetu gara gauza askotan hanka sartu dugula. Egoera hura ez zen inorentzat erraza. Zenbatetan joan ote garen etxera, pentsatuz ‘halako hau aurrez aurre ikusi beharko nukeen ba’, baina ezin zen. Paziente asko ezagutzen ditugu eta urteetan halako konfiantza modukoa lortu dugu. Horiekin errazagoa da telefono bidezko komunikazioa ere, errazago zabaltzen direlako eta geuk ere badugulako haien informazio bat aurrez.

 • Pentsiodunen mugimendutik-eta ohartarazi izan dute adineko asko galduta sentitzen direla telefono bidezko kontsultetan.
Bai, gertatzen da. Telefonoz igartzen diezu ez direla ondo azaltzen, hotza egiten zaiela telefonoa komunikaziorako, baina halakoetan etortzeko esaten diegu beti. Egon lasai ezin hori dutenak beti atenditzen ditugulako aurrez aurre. Halakoetarako ez daukagu guk inolako eragozpenik. Lehen baino jende gutxiago ikusten dugula aurrez aurre? Bai, jakina. Hori bai, lehenengo hartueman hori telefonoz egin behar da. Herritarrei esango nieke ahalegin bat egiteko egoera zein den ulertzeko. Guk ere ikusten dugu luzatzen ari direla gauza asko. Espezialistak ez daude lehen beste kontsulta pasatzen, eta belauneko ebakuntza egiteko lehen hiru hilabete itxaron behar zituenak orain zortzi bat itxaron beharko ditu. Atentzioa aldatu da, halabeharrez.

 • Herritarren haserrea aipatu dugu, baina osasun sistema publikoko langileok ere egin dituzue mobilizazioak. Zer eskatzen duzue?
Bai, osasun sistema publikoan mobilizatu gara, eta batez ere lehen arretako zerbitzuetan. Zer esango dizut? Bajan dauden langileak ordezkatzeko eskatzen dugu. Goitik esaten digute ez dagoela ordezkorik, baina bestetik ingurukoek esaten digute kontratazio baldintzak ere ez direla onenak, eta hori hala izanda, garbi dugu nekez lortuko dituztela ordezkoak. Badakigu mediku gutxi daudela eta orain medikuntza bukatzen duen batek segurtatuta duela lana, baina jakina, lan-baldintza duienetan lan egiteko aukera eskaintzen ez bazaie, nekez erakarriko dituzte osasun sistema publikora. Planifikazio egokirik ere ez dut uste egiten duenik Osakidetzak. Guk, esaterako, aurretiaz zehazten diegu noiz hartu nahiko genituzkeen opor-egunak-eta, eta hobeto antolatuko balira, ziurtatu ahal izango lituzkete ordezkoak, baina prebisiorik ez dute egiten eta beti harrapatzen ditu zezenak. Zer gertatzen da? Guk egin, egiten dugula, eta ezkutuan gelditzen dela hori dena. Geuk planto egin artekoa da, baina gaixoekin ari gara lanean eta planto egitea ere ez pentsa erraza denik. Hemen, esate baterako, Lehen Arretako Unitateko arduradunik gabe gaude orain, eta eskaerak gora bideratzeko ere, geure artean ibiltzen gara nork egingo duen galdezka.

 • Eta arazo horiek zer dira, pandemiaz geroztikoak?
Ez, ez. Pandemiak egin duena da aurretik zeuden arazoak begien bistan jarri. Atzeragotik datoz kontu asko.

 • Mikel Baza familia medikuak BERRIAn zioen kontsulta birtualek muga handiak dituztela. Badirela kontsulta sakratuak, “emozioak loratzen dituzten kontsultak”.
Bai, jakina kontsulta birtualak mugak dituztela eta horregatik guk inori ez diogu esaten aurrez aurre ikusiko ez dugunik. Aurrez aurrekoan pazienteak kontatzen dizunaz gainera, beste informazio bat ere bildu dezakezu. Osasun arazo fisikoen atzean beti daude arrazoi psikologiko batzuk eta hori dena aurrez aurrekoan hobeto ikusten da, jakina. Saiatzen gara premia handienekoak identifikatzen, hori bai, eta jendeak ulertu behar du hori, ezin dugula egoera honetan lehen bezala jokatu; ezin dela hemen jendea pilatu, eta horretarako neurri batzuk derrigor hartu behar ditugula.

 • Diagnostiko berantiarren arriskuaz ere ohartarazi zaigu.
Bai, bai, gertatu dira halakoak ere. Egin ditugu hanka-sartzeak ere, baina ez pentsa lasai gaudenik.

 • Behin eta berriz aipatzen duzun espazio faltarena. Nola uler daiteke orduan baheketa masiboa anbulatorio barruan egin izana?
Hori ezin da ulertu. Erabakia hartuta iritsi zitzaigun hona, eta guk ezin izan genuen ezer esan. Baina baheketa masiboa hemen egiteak ez dauka ez hankarik eta ez bururik. Baheketak egin dituzten beste leku guztietan karpak jarri dituzte edota osasun zentroetatik aparteko espazioak erabili dituzte testak egiteko. Hemen, ez. Guk egunean ezin dugu lagun baino gehiago atenditu aurrez aurre, eta orain hau? Oso gaizki iruditu zaidan zerbait da hori.

 • 13 eta 40 urte artekoei eskatu zaie Elgoibarren testa egitera joateko, baheketa selektibo horretan. Ez da zuri egiteko galdera beharbada, baina azalpenik baduzu?
Ez dagokit niri horri erantzutea, ez, baina egia da udan adin tarte horretan asko zabaldu zela birusa. Orain iruditzen zait adin tarte hori zabaldu beharko luketela, baina ez dakit.