Sarrerako ate berria du Alzolatarren Dorretxeak

Barren.eus 2020ko abe. 9a, 12:28

Kultur Etxea eta PuntuEUS Fundazioa kokatuta dauden Altzolatarren Dorretxea eraikineko sarrerako atea aldatu du Udalak. Aurrekoa baino arinagoa da eraikin historikoan ipini duten altzairu galbanizatuko ate berria.

Altzolatarren Dorretxea zaharberritzeko duela 30 urte egin zituzten lanetan jarri zuten atea da orain aldatu dutena. Ateak arazoak ematen zituela jakinarazi du Hirigintza Saileko arduradun Iosu Arraizek, "Pisu handiegia zeukan eta guztiz ixteko arazoak ematen zituen". Ate berria arinagoa izateaz gainera, garai berrietara egokituta dago eta sarraila elektronikoa du, txartel bidezkoa, hain zuzen ere. Aita Agirre Kulturgunean dauden moduko sarrailak jarri dituzte eta hala giltzekin beharrean txartelekin funtzionatuko du. Ulmar SL enpresak egin du aurrekoaren antzerako itxura duen altzairu galbanizatuko ate berria, eta 3.532,45 euroko kostua izan du.

 • Monumentu historiko-artistikoa

Dorretxe honek historia mamitsua bezain luzea du, Elgoibar sortu baino lehenagokoa baita. Herriko harresia egin zenean (1346), kanpoan gelditu bazen ere, 1484an Kontzejua alde batetik eta Dorreko Joan Otxoa Burano eta honen suhia Rodrigo Gonzalez Karkizano bestetik, erabateko akordiora ailegatu ziren etxea harresiaren barruan kokatzeko. Aipatutako Otxoa Burano eta Rodrigo Karkizano izan ziren ezagutzen diren etxe honetako lehen biztanleak XV. mendearen erdialdean.
Kalebarren plazan dagoen eraikin hau Erronda dorrea izan zen lehenengo, Arriola dorretxea hartu zuen izen XV. mendearen bukaeran, eta Alzola XVI. mendearen erdi aldetik hona.
Gipuzkoako monumentu historiko-artistikoa izendatu zuten 1964an. Arkitekturari dagokionez, eraikuntza "prestua, noblea eta dotorea" dela dio Pello Arrieta historialariak Yulen Zabaletarekin elkarlanean argitaratu zuen 'Elgoibar. Iragana eta oraina' (2008) liburuan. Eraikin honen eta herriko eraikinik esanguratsuenen bilakaera aztertzen dute liburuan Arrietak eta Zabaletak, eskuz eginiko marrazkien bidez azken honek.

2020 12 04 ate berria altzolatarren kulturetxea elgoibar v1