Arno Guraso Elkartekoek azokarako jostailuak batuko dituzte lehenik. Trukean haur bakoitzak txartel bat jasoko du jostailuko, eta ondoren, azoka egunean txartel bakoitza beste jostailu batengatik aldatu ahal izango du. Jostailuek bete beharreko baldintzak hauek dira: egoera onean eta osorik egotea eta sexu bereizketa edo indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten dutenak ez izatea (adibidez: pistolak). Jostailu txikiak multzoka trukatuko dira (adibidez: kanikak, kotxetxoak…)
Joan den abenduaren 10ean egin zuten jostailuak jasotzeko lehen saioa eta gaur, abenduak 17, egingo dute bigarrena, Herriko Enparantzan, 17:00etatik 19:00etara. "Animatu eta arakatu zuen armairuak, seguru badela-eta aspaldi erabiltzen ez duzuen jostailuren bat beste haurren bati poza emateko moduan", azaldu dute guraso elkarteko kideek.
Trukerako azoka abenduaren 20an egingo dute, 11:00etatik 14:00etara, Azpilgoetako etxe zurien arkupeetan. Jendea pilatzea saihesteko, ilarak-eta osatuko dituzte, distantzia zaintzeko.