Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoak (Labi) gaur eduki duen bileraren ostean iragarri ditu neurri berriak Jaurlaritzako Osasuneko Sailburu Miren Gotzone Sagarduik. Mahai gainean zuten etxeratze-agindua aurreratzea eta ostalaritza eta merkataritza 19:00etan ixtearen aukera, baina baztertu egin dute, neurri horri ez diotelako "eraginkortasunik" ikusten. Gainera, Gizarte-, kultura- edo kirol-jarduerak eta establezimenduak 19:00etan ixtea moduko neurri batek, 926/2020 Errege Dekretuaren egokitzapen bat eskatu luke, eta Espainiako Osasun ministro Salvador Illa halako aldaketak egitearen aurka agertu da. "Ondorioz, Lurralde arteko Kontseiluan ez da akordiorik lortu. Erabaki horrekin ez gatoz bat. Aukera bat galdu da adostasunaren bidez aurrera egiteko eta Autonomia Erkidego guztien artean adostutako prebentzio-neurri berriak hartzeko, Estatu osoko kasuen hazkunde-egoeran 'zirkuitulabur efektua' eragiteko", adierazi du Sagarduik. Gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak esku hartzeko gaitasuna murrizten diela zehaztu du, eta eraginkorra izango litzatekeela uste dute, egiaztatu ahal izan dutelako neurri horrek emaitza onak izan dituela hartu den Frantziako Departamentuetan.
Honenbestez, ostalaritza 20:00etan ixteko ordutegiari eutsiko zaio, baita establezimendu horiek ixteari ere, 100.000 biztanleko 500tik gorako tasa duten herrietan.
Aurretik indarrean zeuden neurriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du Osasuneko Sailburuak, eta beste bi neurri berri abian jarriko ditu Jaurlaritzak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztien itxiera perimetrala eta, erabilera publikoko nahiz pribatuko espazioetan gehienez ere lau lagun elkartzeko muga.
Dekretua bihar argitaratuko dute, eta neurri berriak astelehenean sartuko dira indarrean.
Hortaz, aurrekoak eta gaur erabakitakoak kontuan hartuta, Jaurlaritzak ezarriko dituen neurri nagusien laburpena honako hau da:
- Euskadiren itxiera perimetrala eta udal mailako itxiera perimetrala.
- Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.
- Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia, 21:00etan.
- % 40ko aforoak 150 m2 baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 m2 arteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako.
- Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35 mugatzea.
- Musika- eta ahots-entsaioak eta emanaldiak bertan behera uztea.
- Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara.
- 100.000 biztanleko Intzidentzia-tasa metatua 500 edo gehiago duten udalerrietan:
-Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak ixtea
-Taldeko kirol-jarduera etetea.