Oier Etxaniz izan dute gogoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek

Barren.eus 2021ko urt. 23a, 16:25

Amaren intxaurrak ikuskizuna taularatu zuten atzo Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Herriko Antzokian, eta iazko apirilean hil zen Oier Etxaniz izan zuten gogoan. Lourdes Beneitez Oierren ama eta Iñaki Larrañaga haren laguna igo ziren oholtzara, eta pailazoek omenaldi xume eta hunkigarria egin zieten. 

 Urtero bezala urtarrilarekin batera etorri ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Elgoibarrera. Amaren intxaurrak ikuskizun berriko bi emanaldi eman zituzten atzo, eta ohi bezala, atzokoan ere sarrera guztiak agortuta zeuden. Heriotza du oinarrian Amaren intxaurrak proiektuak. Naturak heriotza ulertzen lagundu die Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei, azken batean, heriotza bera ere bizitzaren parte delako. Marimototsen ama Loreto hil zenean intxaurrondoa landatu zuten hiru pailazoek, eta hiru urteren ostean, intxaurrak ematen hasi da. Hiru urte aurretik egindako negarrak, irri eta poz bilakatu dira orain, eta ohikoa duten alaitasunarekin kontatu zieten istorioa Elgoibarko umeei. Txiste, istorio, kanta eta dantzak izan ziren nagusi Herriko Antzokian, eta gogotik gozatu zuten etxeko txikiek. Pailazoekin batera, Loreto, Tiritatxo, Txilibito eta beste hainbat pertsonai ere izan ziren oholtzan, eta baita Pupu eta Lore pailazo txikiak ere. Koronabirusaren ondorioz, pailazoek ezin izan zituzten ikusleekin argazkiak atera, eta muxurik ere ezin izan zieten eman umeei, baina Marimototsen muxu majikoak banatu zituzten. 

Saioaren amaieran iritsi zen emanaldiko unerik hunkigarriena. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek oholtzara deitu zituzten Lourdes Beneitez eta Iñaki Larrañaga, iazko apirilean minbiziaren ondorioz hil zen Oier Etxanizen ama eta adiskidea. Oier Etxaniz ospitalean ezagutu zuten pailazoek. Aspanogirekin elkarlanean aritzen dira Katxiporretako pertsonaia guztiak, eta tartetan minbizidun umeei ospitalean bisitak egiten dizkiete. Horietako bisita batean ezagutu zuten elkar. Oier Etxaniz, gainera, bolondres aritzen zen Aspanogi elkartean. Pailazoek Oierren bihotz handia eta zintzotasuna nabarmendu zituzten atzoko saioan. Zuhaitz bat oparitu zieten etxekoei, Oierren omenez landatzeko. Lourdes Beneitezek gogora ekarri zituen Oierrek sarri erabiltzen zituen hitzak: "umorea, botikarik onena". Hitz horiekin eman zizkien eskerrak pailazoei, semea gogoan izateagatik. 

2021 01 22 pailazoak

2021 01 22 pailazoak1