Eremu gorrira igaro da Elgoibar

Barren.eus 2021ko urt. 26a, 12:56

Atzo, astelehena, hamar koronabirus positibo atzeman zituzten Elgoibarren eta 554,59ra igo da intzidentzia-tasa, eremu gorrira igaroz. Jaurlaritzak eguenean eguneratuko du ostalaritza zerbitzuak itxita izan beharko dituzten herrien zerrenda. Mendaron ere antzerakoa da egoera, atzo sei kasu berri zenbatu baitzituzten.

Ostalaritza ixtea eta Eskola Kirola etetea eguenean dauden datuen arabera erabakiko ditu Jaurlaritzak, eta hurrengo egunean, barikuan, jarriko lirateke indarrean. Elgoibarrek, gaur egun, 500eko langa igarotzen du –554,59ko kasu metatuen tasa du–. Atzo hamar kasu berri atzeman zituzten eta azken hamalau egunetan 64 positibo atzeman dituzte.

Mendaron ere dexente ugaritu dira atzemandako positiboak. Atzo sei kasu atzeman zituzten eta 851,06koa da intzidentzia-tasa. Mendarok 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez da Jaurlaritzaren koloreen eskeman sartzen, ez eta herri gorrien zerrendan ere oraingoz. Mendaroko datuez gainera, Osasun eremuko egoera hartzen dute kontuan zerrenda hori osatzeko. Horien berri ere eguenean emango du Osasun Sailak. Era berean, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zifra hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zifra hori 2koa da Elgoibarren eta 3,00koa Mendaron, beraz, gora egiten jarraitzen du.

 • 34 udalerri eremu gorrian
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako 34 herrik dute azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago, tartean lurraldeetako hiru hiriburuetan: Gasteiz, Bilbo eta Donostia. Zerrenda hori astelehenero eta eguenero eguneratuko du Jaurlaritzak. Eremu gorrian dauden udalerrietan, ostalaritza eta joko eta apustu etxeak itxi behar dituzte, eta eskola kirola bertan behera utzi.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, beste 1.340 kasu positibo zenbatu ziren Hego Euskal Herrian. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 16.688 proba egin ziren Hegoaldean, eta %8 izan zen positiboen portzentajea. Lurraldeka, Bizkaian 628 kasu detektatu zituzten atzo; Gipuzkoan, 331; Nafarroan, 239; eta Araban, aldiz, 138.

∞Lotura duten albisteak:

2021 01 26 korodata Elgoibar grafikoa

2021 01 26 korodata mendaro grafikoa covid19