Atzo baino gorriago dago Elgoibar, atzo beste hamar kasu antzeman ondoren

Barren.eus 2021ko urt. 27a, 13:30

Intzidentzia-tasak gora egin du berriro Elgoibarren. Atzo eremu gorrian sartu zen, eta gaur jakinarazi dute, atzo beste hamar positibo antzeman zituztela. Mendaron ez zuten kasurik antzeman atzo, baina egoera ez da askoz hobea.

Osasun Sailak eguerdian zabaldu ditu datuak, ohi legez, eta 615,25eko intzidentzia-tasa du Elgoibarrek. Mendaron ez zen positiborik izan atzo, baina egoera ez da batere ona. 5.000 biztanlez azpiko herria izanda ez da semaforoaren sisteman sartzen, baina intzidentzia-tasari erreparatzen badiogu gorri behar luke Mendarok ere, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago direnean pasatzen direlako herriak eremu gorrira, eta gaur, Mendaron, 851,06ko delako intzidentzia-tasa.

Egoerak okerrera egin du hiru lurraldeetan. Atzo, 15.837 proba egin zituzten Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian: 10.104 PCR proba eta 5.733 antigeno proba, eta horietatik %7k eman zuten positibo, 1.104k. Intzidentzia-tasarik handiena Bizkaian dute, 635,14koa, eta ondoren dator Araba, 571,46koarekin. Bietan egin dute gora kasu positiboek, baina. Gipuzkoan, 297 kasu positibo antzeman zituzten atzo eta eremu gorrira sartzeko atarian dago, 499,40ko intzidentzia tasarekin. Hiru hiriburuak, hori bai, kolore gorriko ageri dira dagoeneko. Atzoko datuen arabera, 560 lagun daude koronabirusagatik ospitaleratuta (atzo 89 ingreso berri egon ziren), horietatik 134 Zainketa Intentsiboen Unitateetan. 
 
Birusaren oinarrizko birsorkuntza-tasak 1etik gorakoa izaten jarraitzen du Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian eta hori ere ez da albiste ona. 

∞Lotura duten albisteak: