Estreinako ‘Death Cafe’ tertulia, Elgoibarren

Barren.eus 2021ko ots. 5a, 09:59

Almaur elkarteak antolatuta, estreinako Death Cafe saioa egingo dute Elgoibarren, otsailaren 18an. Heriotzari buruz hitz egiteko topagunea izango da, baina antolatzaileek aurreratu dute ez dela izango doluan laguntzeko saioa.

Koronabirusaren kontrako neurri guztiak hartuko dituzte saiorako, eta plazak mugatuak izango dira. Izena emateko 627 117 819 telefonora deitu behar da.

Heriotzari buruzko gogoetak, sentipenak edota esperientziak elkarbanatzea du helburu kafe tertulia formatuan antolatzen duten Death Cafe egitasmoak. Ez da derrigorrezkoa hitz egitea, hain zuzen ere, entzutean dago gakoa Death Cafe espazioetan.
Bernard Crettaz soziologo suitzarrak asmatu zuen Cafe Mortel kontzeptua, 1989an, eta hark antolatu zuen lehen saioa ere, 2004an. Geroago, Jon Underwoodek garatu zuen ideia, eta hark sortu zuen Death Cafe mugimendua. Euskal Herriraino ere ailegatu da eta hainbat talde sortu dira heriotzaz modu naturalean berba egiteko. Iñaki Arregi Irizar (Elgoibar, 1973) da Death Cafe horietako dinamizatzaileetako bat. Azpeitian hasi ziren Death Cafe saioak antolatzen 2018an eta harrezgero makina bat saio egin dituzte, gero eta herritar gehiagoren jakinmina piztu baitute. Arregiren iritziz heriotza lantzeko beharra dago arrakasta horren atzean.

2021 02 05 death cafe elgoibar kartela

Lotura duten albisteak: