Azken belaunaldiko Eris softwarea erabiliko dute IMHn Zitu enpresarekin sinatu duten akordioari esker

Barren.eus 2021ko ots. 8a, 14:41

IMH Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak Zitu enpresarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu du, Industria 4.0 eraldaketan hasitako bidean.

Neurrira egindako soluzio informatikoak eskaintzen ditu Zitu enpresak. Bere proiektu berrienetako bat da Eris, berrikuntza eta "kalitatea" eskaintzen dituen mekanizatu tailerren digitalizaziora zuzenduta dagoen "punta-puntako" softwarea. IMH-rekin abian jarri duten elkarlanari esker, Eris sofwarea IMHko Lantegi Digitaleko eta Additive Village-ko makinetan instalatzen ari dira.

Era honetan gainera, IMHko instalazioei esker, sektoreko enpresek Eris softwarearen bidez mekanizazioko tailerren digitalizazioaren ezaugarri, garrantzia zein abantailak ezagutzeko aukera izango dute. "Eris-ek datuak jaso eta horiek aukera bihurtzeko bidea eskaintzen du, orain arteko egiteko moduak eraldatu eta aurrerapauso nabarmena eginez makinen OEEa hobetzeko bidean. IMHren datu bilketa eta horien erabilerarako aukerak nabarmen berritu eta hobetuko ditu", azaldu dute IMHko arduradunek.
Ikasleek Eris softwarea gertutik ezagutzeko aukera izango dute, eta horrekin batera fabrikazio prozesuen inguruko kontzeptuak barneratu ahal izango dituzte: prozesuen digitalizazioa, fabrikazio aginduen planifikazioa, mantenu prediktiboa, produkzioaren kudeaketa, kalitatea, erreminten kontrola, produkzio galeren kausak identifikatzearen garrantzia, eta abar.
"Eris merkaturatu denetik, hainbat mekanizazioko enpresa ari dira euren laneko prozesuen datuak modu eraginkorragoan lortzen eta lantzen. Honi esker, kudeaketan eta emaitzetan hobekuntza nabarmenak lortzen ari dira", azaldu dute. Zituk eta IMHk abian duten elkarlanarekin, ezagutza hori guztia enpresa eta ikasleekin partekatzeko bidean sakonduko dute hainbat jardueren bidez.

2021 02 08 imh zitu elkarlana makina

2021 02 08 imh zitu elkarlana 1