Elgoibarko Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Emakumeentzako Jabetze Eskolaren edizio berri bat jarri du martxan. Egitasmoa emakumeen autonomia pertsonala indartzeko, emakumeak ahalduntzeko, emakumeek jardueretan aktiboki parte hartzeko eta elkarren arteko sareak sortzeko sortu zuten.
Lehenengo sei hilabeterako, martxoan hasi eta maiatzera arte luzatuko diren sei ikastaro antolatu dituzte.
Izena emateko bi era daude:
- Internet bidez (www.elgoibar.eus helbidean; Identifikazio Sistema Elektronikoa izatea beharrezkoa da)
- aurrez aurre, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), Santa Ana 2an, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era.
Ikastaroetako plaza kopurua mugatua da, eta zozketa egingo da izena ematen duten emakumeen artean. Elgoibarren erroldatutako emakumeek izango dute lehentasuna. Bestalde, ikastaroa eskaintzeko, gutxienez, zazpi laguneko taldea osatu beharko da, eta plazak betetzen ez badira, izen-emate epea luzatuko da, ikastaroa hasi baino astebete lehenagora arte. Jarduera guztiak doakoak izango dira.
Oraingoan, haurrak zaintzeko zerbitzua ikastaro guztietan eskainiko da, gutxienez, bi haurrek izena emanez gero. Saioetan izena emateko interesa duten herritarren kontziliazioa errazteko neurri moduan eskainiko da zerbitzua. Jabetze Eskolaz gain, Udalak eskaintzen dituen beste hainbat formazio saiotan ere eskainiko da zaintza zerbitzua.
1. “Zure bizitza idatzi” (10 ordu)
Norberaren bizipenetatik abiatu, eta ametsak, frustrazioak eta lorpenak erraietatik kanpora aterako ditugu, fikzio bilakatuz. Horretarako, diziplina ezberdinak ezagutu eta horietan murgilduko gara modu praktiko batetan: egunerokoak, mikro ipuinak, poesia, komikia, zutabegintza, albisteak, publizitatea, zinea, argazkilaritza eta musika.
Idaztean, pentsamenduak eta emozioak ordenatu, ulertu eta onartu egiten ditugu; ondorioz, askeago sentitzen gara. Horretarako, ez da beharrezkoa ondo idaztea edo akatsik egin gabe idaztea. Azken finean, helburua ez da testu literario bat idaztea; bizitza idatziz ahalduntzea baizik.
- Data: Ostegunetan, apirilaren15etik maiatzaren13ra
- Lekua: Aita Agirre kulturguneko areto nagusian
- Ordua: 17:00-19:00 (euskaraz)
- Hizlaria: Jasone Osoro, Elgoibarko idazlea.
2. “Mindfulness” (8 ordu)
Mindfulness (MF), edo kontzientzia osoa, jatorri budista duen milaka urteko ohitura bat da. Zehazki, nahitako arreta orainean jartzean datza, pilotu automatikoa itzaliz. Erlaxazio eta meditazioko ariketa praktikoak, eta buruaren eta gorputzaren prozesuen, zein emozioei buruzko azalpen teorikoak konbinatuz, eguneroko egoeretan nahitako arreta izatea bultzatuko da.
- Data: astearteetan, martxoaren 2tik 30era
- Lekua: Aita Agirre kulturguneko areto nagusian
- Ordua: 18:00-20:00 (euskaraz)
- Hizlaria: Eider Perez, Elgoibarko coach-a
3. “Zahartzen ikastea + menopausia” (12 ordu)
Tailer honen xedea da gure bizitzaren bigarren etapa, hau da, heldutasunaren eta hurrengo urteen etapa, era sortzailean eta aberasgarrian bizitzeko prestatzea, geure aurrean izango ditugun aldaketa fisikoei, psikologikoei, sozialei, familiakoei eta materialei aurre eginez. Generoaren inguruko aurreiritziak eta mitoak ere sortuko dira, eta horiek desmuntatu egin beharko ditugu.
Tailer honi esker, nola zahartu nahi dugun hausnartu ahal izango dugu, zerk beldurtzen eta kezkatzen gaituen, eta bereziki, nola aurre egin ahal izango diogun horri guztiari, etapa hori osotasunez bizi ahal izan dezagun.
Horretaz gain, tarte bat eskainiko diogu menopausiari buruzko galderak argitzeari, gure gorputzari zer gertatzen zaion ulertzeko, sintoma ohikoak zein diren jakiteko, eta medikuntza tradizionalak eta beste ikuspegi batzuek eskaintzen dizkiguten tratamenduen berri izateko.
- Data: astearteetan, apirilaren 13tik maiatzaren 18ra
- Lekua: Aita Agirre kulturguneko areto nagusian
- Ordua: 18:00-20:00 (gazteleraz)
- Aditua: Pepa Bojó, psikoterapeuta.
4. “Meditazio ahalduntzaileak” (Ordu erdiko 4 saio)
Lau meditazio gidatu egingo dira, eduki ahalduntzailea izango dutenak. Behin ikastaroa bukatuta, partaideek beraien meditazioak egiteko gaitasuna izango dute, nahi duten lekuan eta orduan, bakarka; hartara, lasaitasuna eta egonkortasun emozionala ematen dituen baliabide bat egunerokotasunean txertatuz.
Online egingo diren saio hauen bidez, partaideak trebatu ahal izango dira, gerora, meditazioa bakarka praktikatu ahal izateko.
- Data: astearteetan, apirilaren 13tik maiatzaren 4ra
- Lekua: Saio birtualak
- Ordua: 19:30-20:00 (gazteleraz)
- Aditua: Eider Perez, Elgoibarko coach-a
5. Irakurketa talde feminista (hilero 2 ordu)
Irakurketa taldea feminismora hurbiltzeko. Taldea hilean behin bilduko da aldez aurretik irakurritako liburu edo artikulu bati buruzko iritziak komentatu eta trukatzeko. Eleberriak, olerkiak, saiakerak, iritzi-artikuluak … deskubrituko dituzte, emakumeen kontzientzia kolektiboa aztertzeko.
Testu horien irakurketa pertsonal eta intimoarekin ikastea da kontua, baina baita norberaren hasierako inpresioa besteen ekarpenekin osatzea ere. Azken batean, espazio partekatu bat sortzea, non feminismoak guztion bizitzak aberastu ahal izango dituen.
- Data: hilabeteko 3. astelehenean (urte osoa)
- Lekua: Kultur Etxeko hitzaldi gela.
- Ordua: 18:00-20:00
- Dinamizatzailea: Loredi Salegi
6. Hausnarketa taldea (hilero 2 ordu)
Saio hauetara joateko ez da izenik eman behar, sarrera librea da. Saio bakoitzean gai ezberdin bat landuko da. Otsailean, “Claves feministas para la negociación en el amor” izenburua daraman hausnarketa saioa eskainiko da.
- Data: hileko 4. astelehena (urte osoa)
- Lekua: Kultur Etxeko hitzaldi gela.
- Ordua: 18:00-20:00 (ele bietan)
- Hizlaria: Loredi Salegi, emakumeen ahalduntze munduan aditua
- Sarrera librea