Ahotsak

Elgoibartarren lekukotasunak ere jaso dituzte 'Gazte Gara Gazte' proiektuan

Barren.eus 2021ko ots. 12a, 14:16

Gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua jarri zuen abian Badihardugu elkarteak, 'Gazte Gara Gazte' izenekoa. Zaletasun, jatorri, eta bizileku ezberdinetako elkarrizketak jasotzen dihardute, eta tartean badira elgoibartarrenak ere.

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jaso eta zabaltzen diharduen Euskal Herriko Ahotsak proiektuan urteak daramatzate adineko lekukoen bizipenak jasotzen eta www.ahotsak.eus webgunean erakusten. 2016az geroztik, baina, gazteek ere badute euren lekua: Gazte Gara Gazte, hain zuzen ere. Proiektuan zehar Euskal Herriko hainbat gazte elkarrizketatu dituzte, 16-40 urte artekoak. Helburua da euren aisialdiaren berri jasotzea: zer gustatzen zaien, zer egiten duten, zeintzuk diren euren zaletasunak... Euren testigantzak eta gaika sortutako hainbat ikus-entzunezko aurki daitezke webgunean. Gazteek lagunartean erabiltzen duten hizkuntza informala biltzen ere ahalegindu dira, eta jasotakoa gazte hiztegi batean sareratu dute.

Elgoibartarren testigantzak ere badituzte jasota, Uxue Alberdirenak (36 pasarte) edo Zuhaitz Gurrutxagarenak (36 pasarte), esaterako, eta Danele Sarriugarte izan da batzen azkena.
Itzultzailea ikasketaz eta ogibidez. Irakurzalea, idazlea. Kazetari moduan ere jardun du Danele Sarriugartek, eta 'Gazte Gara Gazte' proiekturako eginiko elkarrizketako bideo-pasarte guztiak ipini dituzte sarean. Guztira 32 pasarte.
Hautatutako zatitxoekin bideo labur bat ere prestatu dute, hauxe:
Daneleri umetatik gustatzen zaio irakurtzea. Eta baita hitz egitea ere. Hizkuntza da bere kodea. Horregatik ikasi zuen Itzulpengintza, hizkuntzak gustatzen zitzaizkiolako. Hori bai, euskara da gehien landu eta erabiltzen duena. 2014an "Erraiak" nobela arrakastatsua argitaratu zuen. Pertsonaia publiko bilakatu zen nolabait. Horrek dakartzan abantailekin. Eta desabantailekin: letren plazan agertutako 'neska gaztea' bezala tratatua izatea, esaterako. Ondorioetako bat: "Erractus" performanze-errezitaldia, Jule Goikoetxearekin eta Kattalin Minerrekin batera egin zuena. 2018an "Azala erre" nobela kaleratu zuen, ez zuelako liburu bakarra idazten duten emakume idazleen zerrendan egon nahi. Une honetan 'trenetik jaitsi' dela sentitzen du, eta ez daki idazten jarraituko duen ala ez.