Kirol Patronatuak abonuen kuotak mantenduko ditu 2021ean

Barren.eus 2021ko ots. 17a, 12:49

Elgoibarko Kirol Patronatuak erabaki du bigarren urtez jarraian abonuen kuotak ez igotzea, eta bere horretan mantentzea. Pandemiak abonatuen kopuruan izan duen eraginaren berri ematen duten datuak ere plazaratu ditu patronatuak. Iaz baino 1.387 abonatu gutxiagorekin hasi dute urtea, %35,85 jaitsi baita abonatuen kopurua.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak jakitera eman duenez, abonuen kuotak mantentzeaz gainera, 2020ko abonuen itzulketa partzialak egin ditu urtarrilean, pandemiak zerbitzuan eragindako itxierengatik.

Kirol Patronatuak hainbat datu eman ditu, eta azaldu du koronabirusaren eragina esparru ekonomiko eta sozial guztietan ari dela igartzen, baita kiroldegiko abonatuen kopuruan ere. "Gipuzkoan bilakaera beheranzkoa da, eta Elgoibarren, zehazki, %35,85 jaitsi da 2021ean Elgoibarko Kirol Patronatuko abonatuen kopurua 2020ko datuekin alderatuta", azaldu dute. 2020. urte hasieran 3.860 abonatu zituzten Elgoibarko kirol instalazioek; 2021ean 2.473 abonatu, 1.387 gutxiago. Osasun egoera kontrolpean mantentzeko neurriak eta pandemiak ekarri duen "ziurgabetasuna" jo dituzte beherakada honen arrazoi nagusitzat.
 • Ikastaroetan jende gutxiago
Ikastaroetan ere jende gutxiago dabil. Iazko urtarrilean 840 lagun zeuden ikastaroetan izena emanda, eta orain 208 lagun ari dira martxan jarraitzen duten ikastaroetan.
Aforoen eta segurtasun neurrien ondorioz, igeriketako ikastaroak ezin izan dituzte oraindik martxan jarri. Beste ikastaro batzuetan musukoa derrigor erabili behar da, eta arduradunek uste dute horrek eta beldurrak erabiltzaileak atzera bota dituela. Spinning ikastaroetan esaterako iaz 113 lagun zeuden izena emanda, eta aurten, bost. Alde positiboa 60+ programan aurkitu dute, izan ere iazko 128 erabiltzaileetatik 113k jarraitzen dutelako, "pandemiak eragindako neurriak gogorrak izanda ere".