Ofizioz irakaslea izan da, baina beste hainbat saltsatan ere ibilia da. Besteak beste, euskararen aldeko mugimenduetako kide izan da, eta abesterako orduan ere euskararen aldeko hautua egin du. 30 urtetik gora dira Mungian bizi dela, baina ez du bere sorterriarekin harremanik galdu: senideak bisitatzera etortzen da asteburuetan, eta sanbartolomeak eta Eguberriak ere herrian pasatzen ditu. Egonaldi horiek lagunekin egoteko ere aprobetxatzen ditu, eta hain zuzen ere, lagun horietako batzuekin elkartu da bigarren lan honetan ere diskoa grabatzeko, besteak beste, bere anaia Albertorekin eta Juan Carlos Martinekin. Nahi duenak eduiriondo54@gmail.com helbidean eskatu dezake diskoa.
• ‘Satorra eta gu’ diskoa kaleratu berri duzu, zure bigarren lana, hain zuzen ere.
Bai, hala da. Hamaika kantuz osatu dut diskoa, fabula batean oinarrituta. Ez zait gustatzen besteekin kritikoa izatea, uste dut geure buruarekin izan behar dugula kritiko eta ez besteekiko. Fabulak geure bizioak eta lotsak agerian jartzeko aukera ematen du, errua besteengan bilatzen ibili gabe. Satorraren fabula gustatu zitzaidan eta hortik etorri da diskoaren izena. Herri batean bazegoen sekulako triskantzak egiten zituen sator bat, eta herritar guztiek erabaki zuten sator harekin zerbait egin behar zela. Egun batean satorra lurrazalera irten zen, eta kaiola batean sartu zen bere kabuz. Herritarren artean batzorde bat osatu zuten, satorrarekin zer egin erabakitzeko, eta hasi ziren aukera desberdinak aztertzen: urkatu, sutan erre... Ez ziren ados jartzen, eta azkenean, jakintsuen beste batzorde bat osatu zuten, haiek erabaki zuzena hartuko zutelakoan. Azkenean haiek proposatu zuten satorra bizirik lurperatzea, eta denak ados egon ziren. Fabula oso polita iruditzen zait, eta hortik etorri da izena. Baina denetariko abestiak bildu ditut diskoan: abesti bat da identidade bikoitzari buruzko hausnarketa, beste bati Ttuntturrunberde jarri diot izena, betiko umeen kantari erreferentzia egiten dio abestiak, baina kasu honetan nerabeei zuzendutako kanta da, ez daitezen lokartu. Salbea ere sartu dut, Elgoibarko salbearen gainean eginiko nire salbe propioa. Mari pertsonaia mitologikoari buruzko letra jarri diot salbeari. Heriotzari buruz ere hitz egin dut abesti batean; adin batera iristen zarenean heriotzari buruz idaztea ere oso beharrezkoa da. Kantak idazterako orduan etortzen zaizu horrelako ideiaren bat, eta gero forma eman behar zaio horri. Nik denbora dezente eskaintzen diot kantak idazteari, garrantzia ematen diot letrari, mezua ondo iristea garrantzitsua delako.
• Noiztik diharduzu musikagintzan?
Aspalditik nabil musikan, baina ni ez naiz musikaria, ni afizionatua baino ez naiz. Gitarra akustikoa, banjoa edo ukelelea joten ikasi dut, baina dena nire kabuz. Solfeoa ikasten hasi nintzen umetan, baina hura ere erdi ahaztuta daukat dagoeneko. Denetik egin dut nire bizitzan, eta egia da 70eko hamarkadan nahiko sartuta ibili nintzela musika munduan, baina gero beste gauza asko egin ditut. Ofizioz institutuko irakaslea izan naiz, Hizkuntza eta Literaturako irakaslea, baina tarteka musika edota informatika eskolak ere eman izan ditut. Tokatzen zena. Eta horrez gain, euskalgintzako mugimenduetan ere ibili izan naiz militante, eta saltsa politiko sindikaletan ere bai. Baina 70eko garai hartan denbora asko eskaini nion musikari, eta ibili nintzen oholtzan kontzertuak ematen. Jende ezagunarekin jo nuen, beraien telonero. Orduan ohikoa izaten zen kontzertuetan batek baino gehiagok jotea, eta ni aritu izan nintzen haien aurretik. Batzuk aipatzearren: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lete, Gontzal Mendibil, Oskorri... Bizkai aldean ibili nintzen, bereziki. Kantautore moduan edo ibiltzen nintzen ni, bakarka. Nire kanta propioak abesten nituen, hori beti gustatu izan zait, letrak idatzi eta musika egitea. Ruper Ordorikak ere duela gutxi deitu zidan nik abesten nuen kanta bati buruz galdezka, eta ni ia gogoratu ere ez nintzen egiten kanta harekin! Ez pentsa, baina, profesionala nintzenik, filibustero moduan ibiltzen nintzen. Militantziarako beste modu bat zen.
• Eta nola bururatu zitzaizun diskoa grabatzea?
Orain dela sei bat urte konturatu nintzen abesti asko neuzkala idatzita, eta etxerako moduan grabatuta. Alberto anaiarekin jarri nintzen lanean, beno, berari eman nion lana! Anaia sekulako musikaria da. Armonia ere ikasi zuen hark, eta klarinetea eta teklatua bikain joten ditu! Anbizio txikiko musikaria dela esaten diot, baina kalitate demasa dauka. Bera eta Inazio Bereziartua musika eskolan urteetan gitarra irakaslea izan den Juan Carlos Martin jarri nituen lanean eta beraiek egin zizkidaten abestietan konponketa guztiak. Hamabi historia musikatu jarri genion izena estreinako diskoari, eta Mungiako estudio batean grabatu genuen. Koroak egiteko ere hainbat lagun fitxatu nituen, eta lagun askoren laguntzaz sortu nuen diskoa. Liburu batekin batera kaleratu genuen, abestien letrak eta abestiei buruzko hausnarketak idatzi nituen. Produkzio lan guztia neuk ordaindu nuen, baina hauxe da nire zaletasuna; musika. Dena neuk ordaindu behar izan dut diskoak ateratzeko; ez ninduen inork fitxatu, baina beste gauza batzuetan gastatzen ez dudanez, aurreztutakoa musikari eskaintzen diot, azken batean, hau delako niri gustatzen zaidana. Mungian eman genuen kontzertu bat diskoa aurkezteko, eta Elgoibarren ere jotekoak ginen, baina azkenean, ez ginen iritsi. Liburugintzan ere ibilia naiz ni. Euskara ikasteko testuliburu batzuk ere egin genituen eta cassete batzuk ere grabatu genuen testuei laguntzeko. Elgoibarko musikariekin osatu genuen lan hau; musika eskolako musikariekin.
• Bigarren diskoa ere lagunekin grabatu duzu. Nortzuk izan dituzu bidelagun oraingoan?
Anaia Alberto fitxatu dut oraingoan ere, Juan Carlos Martin ere bai, eta oso ondo abesten duten beste hainbat kantari koroetarako. Koroei garrantzi handia eman diegu oraingoan. Grabazioa Bilboko estudio batean egin dugu, ahotsa batetik, baxuak bestetik, gitarra... gaur egun dena aparte grabatzen da. Perkusioa estudioan bertan sartu dute, digitalki. Fenomeno geratzen da, eta gaur egun horrela
egiten dute askok. Zuzenekoetarako baterijolea beharrezkoa da, jakina, baina estudioan ez. Abesti batzuetan banjoa ondo geratuko zela iruditu zitzaidan eta hori neuk grabatu dut. Ez naiz beste mundukoa
banjoarekin ere, baina estudioan dena disimulatzen da. Lagun batek komentatu zidan behin beste lagun batek kanta batean “oilarraren” bat egin zuela, eta berak erantzun ziola “oilarraren” bat egin bazuen, nahita egindakoa izango zela, gaur egun dena zuzentzen dutelako estudioan. Tira, den dena ere ez, egia da. Lan txukuna egin dugu eta ez diot inori meriturik kenduko. Entzun dutenek esan digute oso ondo geratu dela, eta pozik gaude emaitzarekin. 2019ko irailean sartu ginen estudioan, eta zorionez, alarma egoera ezarri zutenerako oinarriak eta tresna batzuk grabatuta geneuzkan.
Etxealdian Internet bidez komunikatu nintzen batekin eta bestearekin abestiak orrazteko, eta baimena eman zutenean ekin genion berriz grabazioari, ahal genuen moduan. Bakarka joan behar izaten genuen, maskararekin, baina zailtasun horietara ere ohitu ginen. Momentu txarrak ere bizi izan nituen, izan ere, ahotsa grabatu behar zuen lagun min bat hil egin zen, eta izugarri kostatu zitzaidan egoera horri buelta ematea. Mugak itxi eta mugak zabaldu ibili diren tartean ere ez da erraza izan. Azkenean abenduan bukatu genuen grabazioa.
Honako bideoan entzun dezakezue Satorra eta Gu diskoaren aurrerapena: