Ane Beitia alkateak gogorarazi du egoera "oso larria" dela, Elgoibarren dagoen kutsatu kopurua aintzat hartuz gero, eta horregatik, prebentzio neurriak betetzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. "Musukoak erabili, distantziak mantendu, kontaktu soziala ahalik eta gehien murriztu eta higiene neurriak bermatu. Hala egiten ez badugu laugarren olatu baten aurrean egon gintezke. Ezin gara erlaxatu".
Beitiak onartu du herritar gehienek egoki betetzen dituztela neurriak, baina badirela neurri guztiak betetzen ez dituzten "gutxi batzuk", eta gehitu du ostalariek eta herritarrek batera egin behar dutela lan, neurri murriztaile gehiagoren beharrik izan ez dadin. "11 hilabete daramatzagu COVID-19aren pandemian murgilduta. COVID-19aren aurreko bizitzeko erari mugak ezarri behar izan dizkiogu eta kontziente gara, askotan, muga horiei tinko eustea ez dela erraza, baina guztion osasuna dugu jokoan, eta lankidetza da gakoa, guztiok segurtasun eta prebentzio neurri oro betetzea", adierazi du horren harira.
Aldi berean, Ertzaintza eta Udaltzaingoa egiten ari den lana txalotu du Beitiak. "Inoizko momentu zailenetakoak ari gara bizitzen guztiok, eta segurtasuna bermatzen diharduten langileak lehen lerroan daude. Zor diegu begirunea, errespetua, beraien lana errazteko esfortzua egitea". Horren harira ohartarazi du Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduna indartuko dutela kalean.
• Tabernako zerbitzariaren oharra
Atzo bolo-bolo ibili zen bideoan barra gainera igota ageri den zerbitzariak ere oharra argitaratu du. Udaltzaingoaren alde dio hamar bat bider sartu zirela tabernara eta sartu ziren guztietan dena zuzen egiten ari zirela egiaztatu ahal izan zutela. Zerbitzitzari horrek berak dio bideoa taberna itxi baino bost minutu aurretik grabatu zela eta bai, barra gainera igo zela, une horretan tabernan zeuden bezero guztiak agurtzera. "Benjaren alde esan beharra daukat bera konturatu ere ez zela egin", dio hitzez hitz oharrean, tabernako arduradunari erreferentzia eginez.