Asteburu honetan berrekin diote Ohorezko Erregional mailako 2020/2021 denboraldiari. Haundik lehen jardunaldia bakarrik jokatu zuen urriaren 18an (1-0 irabazi zion Aloña Mendiri Mintxetan) eta "bigarren hasiera" honetan ere garaipena eskuratu zuten. Eneko Basurtok sartu zuen partidako gol bakarra, lehen zatiaren ondarrean. Mondrak ahaleginak egin zituen bigarren zatian berdinketaren gola sartzeko, eta lortu zuten baloia sare barruan sartzea ere, baina epaileak baliogabetu egin zuen jokoz kanpo sartutako gola izan zela-eta. Garaipenaz gainera, berri on gehiago laga zituen Mojategin jokatutako neurketak, jubenil mailako hiru jokalarik debuta egin baitzuten Haundirekin: Markel Yudegok, Ibon Makazagak eta Luken Agirregabiriak, hain zuzen ere. Mondragon CF taldeak youtuben duen kanalean jarri du ikusgai Mondra eta Haundiren arteko partida osoa, eta baita laburpena ere, honatx:
• Sei puntu sailkapenean
Gipuzkoako Futbol Federaziok zeharo aldatu du denboraldiaren egitura, besteak beste, aurreikusitako egutegia betetzea ezinezkoa delako. Hasteko aukera eman zaie taldeei jokatu edo ez jokatzeko, egoera desberdinetan baitaude klubak. Horrek ez die inongo kalterik suposatuko, ez dagoelako jaitsierarik. Bestetik, hamar eta bederatzi taldetako bi multzotan banatuta lehiatuko dira taldeak, itzuli bakarrera. Haundiren multzo berean daude Urola, Eibar Urko, Amaikak Bat, Mutriku, Mondra, Aretxabaleta UDA, Bergara eta Aloña Mendi. Maiatzaren 2rako amaituta egon beharko da lehen fasea, alegia, bederatzi jardunaldiak jokatuta Haundiren multzoan. Multzo bakoitzeko lau onenek Lauko Finala jokatuko dute maiatzean eta ekainean. Finala ekainaren 13an jokatuko dute. Irabazleak Hirugarren Mailan jokatzeko txartela eskuratuko du.
Haundik sei puntu ditu sailkapenean, lehen jardunaldian Aloña Mendiri irabazitako partidakoak kontuan hartu baitituzte. Hurrengo jardunaldian atseden hartzea egokituko zaio eta martxoaren 7an jokatuko du aurreneko partida Mintxetan, Debako Amaikak Bat taldearen aurka. Publikorik gabe jokatuko dituzte partidak.
• Fitxaketa berria
Haundik bi jokalari gabe ekin dio ligari, Julen Guillok eta Iosu Barretxeak Hirugarren Mailan diharduten Anaitasuna taldean eta Ondarroako Aurreran jokatuko baitute, hurrenez hurren, utzita. Horiek lagatako hutsunea betetzeko fitxaketa berriak egiteko aukera aztertzen ari zirela azaldu zuten aurreko astean C.D. Elgoibarko arduradunek, eta ligari berrekiteko garaiz ailegatu da horietako bat, Arfan Shengor. Ondarroako Aurrera taldeak utzita jokatuko du Shengorrek Elgoibarren, denboraldi amaierara bitartean.
∞Lotura duten albisteak: