Gutxienez Urazandiko igogailuaren obra bukatu arte martxan egongo da herri barruko autobus zerbitzua

Barren.eus 2021ko ots. 25a, 14:59

Joan zen abuztuaren 10ean hasi zituzten Urazandiko eskailera mekanikoak kendu eta haien ordez igogailua jartzeko obrak, eta ordutik martxan dago herri barruko autobus zerbitzua. Hasiera batean Urazandi eta Erretsundi arteko ibilbidea egiten zuen, baina orain linea gehiago ditu zerbitzuak eta Melitoneraino iristen da. Zerbitzuari buruzko hainbat datu eman ditu Udalak, erabiltzaile kopurua eta kostua, besteak beste.

Udalaren asmoa obrak iraun bitartean zerbitzua mantentzea zen, eta momentuz asmo horri eusten diote. Ondo bidean, Urazandin eraikitzen ari diren igogailua apirilerako martxan egongo dela aurreratu dute Udaletik, eta ordura arte behintzat autobusak martxan jarraituko dutela adierazi dute. Hortik aurrerakoa oraindik erabakitzeke dutela adierazi dute arduradunek.

 • Zerbitzuaren eguneko kostua
Obrak iraun bitarte honetan zerbitzuari buruzko hainbat datu eman dituzte: Zerbitzuaren eguneko kostua 275 eurokoa da (BEZa barne) astegunetan, eta 165 eurokoa larunbat goizetan. Azarotik otsailera, zerbitzua eman den 73 egunetan, 8.061 bidaia egin ditu autobusak. Batez beste, 120 bidaia egin dira egunean, eta horietako gehienak (96) Urazandiko ibilbideetakoak dira; Erretsundiko 23 bizilagunek, berriz, egunero erabiltzen dute autobus-zerbitzua, eta pertsona batek egiten du ibilbidea Melitonera. Datu horiekin, bidaia bakoitzak sortutako kostua kalkulatu dute arduradunek, eta esan dutenez; batez beste, 2,3 eurokoa da bidaia bakoitzaren kostua astean zehar, eta 3,5 eurokoa zapatu goizetan. Datu guztiak kontuan hartuta diseinatuko dute obrak amaitu osterako bideorria.

2021 02 02 autobusa herrikoa geralekua

∞Lotura duten albisteak: