Iñaki Arregi: “Espazio falta nabarmena dutela adierazi digute enpresek”

Barren.eus 2021ko ots. 26a, 13:28

Joan zen eguenean zabaldu zuen Mendaroko Udalak ‘Mendaro berri’ boletinaren hirugarren alea. Boletinean, 2021eko aurrekontuari buruzko datu nagusiak aletu dituzte, bai eta etorkizunerako aurreikusten dituzten hainbat proiektu ere, tartean ospitalerako igogailua, futbol zelaia eta zubi berriaren aurreproiektua (mendaro.eus webgunean dago boletina). Puntu nagusietako batzuk ekarri ditugu hona, Iñaki Arregi alkatearekin idatziz egindako elkarrizketara.

  Legegintzaldiaren erdia beteko duzu konturatzerako. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?
Legealdiaren balantzea ekainean burutuko dugu. Datozen asteetan aztertuko dugu Legealdirako ezarririko lerro estrategikoen betetze maila zein den eta bakoitzean txertatuak ditugun proiektuak zein puntutan ditugun. Behin datu horiek eskuartean, komunikatuko dugu zein den legealdi- erdiko egoera eta balantzea.

 • Boletina argitaratu berri duzue eta hor badira hainbat kontu aipagarri. Mantentzen diren laguntzen artean Berdintasun Planaren egikaritzea jaso duzue. Diagnostikotik abiatu ohi dira plan guztiak. Zeintzuk dira diagnosi horren ondorio nagusiak? Zein fasetan dago plana? Zeintzuk dira hurrengo pausoak?
2020an burutu zen Mendaroko berdintasunaren egoeraren azterketa eragile eta herritar ugarirekin. Horren diagnostikoa eta balantzea egin da eta martxoa erdialdera ekingo zaio Berdintasun Plan berria idazteari. Oraindik eragileei, zein udal teknikari eta ordezkari politikoei, ez diegu diagnostikoaren berri eman, beraz, lehenik, parte-hartzaileei komunikatu emaitza eta etorkizuneko lanketa, eta ondoren gizarteratuko dugu.

 • Gizarte-taldeentzako laguntzen atalean aipatzen da kultura-programaziorako, euskararako eta gazteriarako aurrekontuari eusten zaiola, ekintza berriak bultzatuz. Zer duzue eskuartean? Zeintzuk dira Udalaren lehentasunak kulturaren alorrean?
Ezinbesteko alorrak dira herria bizi mantentzeko. Horregatik, partidak zein eragileei bideratzen zaizkien laguntza guztiak mantendu ditugu. Kultura alorrean kalitatezko eskaintza bultzatu nahi dugu ohiko ekintza guztiak mantenduz. Horretarako herriko hainbat eragilerekin elkarrizketak mantentzen gabiltza epe laburrean programazio berezi hori martxan jartzeko. Gazteria alorrean berriz, Gazte Plana egiteari ekingo zaio lehen seihilekoan. 9.000 euroko aurrekontua ezarri da horretarako. Baita, ludoteka eta gazteleku zerbitzuen esleipena aterako dugu, bi zerbitzuak indartuz.

 • Soziolinguistika Klusterrak jakinarazi du azaroan egitekoak zituen euskararen kale neurketak udaberrian egingo direla. Noizko dago aurreikusita? 2017ko kale neurketak datu kezkagarriak azaleratu zituen eta azkena egin den Euskaraldiaren balorazioa aintzat hartuta ez du ematen askoz emaitza hobea etorriko denik. Zer aurreikusten du Udalak egoera iraultzeko?
Data zehazteke dugu oraindik UEMArekin. UEMArekin elkarlanean Euskara bultzatzeko planarekin jarraitzen dugu. Helburua da erabilera bultzatzea, eta horretarako lan lerro ugari definitzen ari da Udala. Neurketak azaleratuko du zein den egoera egun eta horren araberako neurriak hartzen jarraituko dugu.

 • Boletinean jasotakoaren arabera, gizarte zerbitzuak, landa eremua, irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa lehenetsi ditu Udalak aurrekontuetan. Landa eremuko gaiek sortu dute zalaparta azkenaldian. Landa-bideen ordenantza dago batetik, eta Eukaliptoaren landaketa bestetik. Bigarrenaren harira esan duzue Gipukoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiarekin harremanetan zaudetela. Zer da eskatu diozuena? Zer da herritarrei aurreratzeko moduan zaudetena?
Aldundiarekin harremana etengabea da, bereziki zuzenki beren eskumenekoak diren gaiekin, tartean basoen kudeaketa. Horren harira, Aldundiak abian jarri ditu bertako espezieak landatzeagatiko eta kudeaketagatiko hobariak, eta horien zabalpena egingo dugu guk herrian. Udal mailan, aztertzen ari gara nondik jo: mahai gainean daude, esaterako, bertako espezieen landaketa erakargarriago egiteko neurriak hartzea edota mugak ezartzea bestelako landaketei, ahal den neurrian. Horren aurrean, hiru udal taldeak lanean ari gara, eta datorren ostegunean, otsailak 25, beste bilera bat dugu neurriak finkatzen joateko.

2021 02 05 eukalipto landare gazteak mendaro barren 1

 • Mendaroko eta Altzolako hondakinurak Elgoibarko Apraizko araztegira eraman ahal izateko kolektoreak eta ponpaketak eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitatu du URA agentziak, eta albiste horri erantzunez bidegorriaren proiektuari heltzeko unea dela ikusi dute hainbat herritarrek. Duela hiru urte Gipuzkoako Foru Aldundikoak 37 udalerritan izan ziren 2018ko aurrekontuetarako ekarpenak jasotzen. Bidegorriarena izan zen Mendaron eskaera nagusietako bat. Udalaren lehentasunetan non dago bidegorria? Eginbideren bat hasita al du horren inguruan? Zein eta zeinekin?
Lehentasuna da Udalarentzat. Gainera, Elgoibarko Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein URA agentziarekin elkarlanean ari da Udala hondakinurak bideratu eta bidegorria garatzeko, denborak bateratuta eta era koordinatuan. Oraindik ez dugu data zehatzik itxi.

 • “Herrian bizi eta herrian lan aukerak eskaintzea da lehentasun berezia”. Industrialdeen egoera aztertu du Udalak. Zeintzuk behar dituzte enpresek? Zeintzuk hobekuntza egin asmo ditu Udalak industrialdeetan? “Eremu industrial berri bat sortzeko tramiteak bultzatzen ari da Udala erakunde ezberdinekin. Azalduko zeniguke hori gehiago?
Alkateak eta udal Gobernuak herriko enpresekin bilera ugari burutu ditu azken hilabeteetan beren egoera eta beharrak gertutik ezagutzeko. Espazio falta nabarmena adierazi dute. Argiztapena eta seinalizazio horizontal zein bertikala hobetuko dira datozen asteetan. Enpresen espazio falta horri erantzun nahi zaio herriko ehun industriala mantendu eta sustatzeko, horrekin enplegua bultzatuz. Zubi berriarekin egin nahi den eremu antolaketarekin, industrialde berriak sortzeko aukera ikusten dugu eremu horretan.

2021 02 26 zubia proiektua mendaro udala mapan

 • Zubia da beste proiektu izarretako bat. Legegintzaldi guztietan aipatzen den gaia da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute aurrerabiderik eman izan azkeneko hamar urtean. Itxaropentsuago zaudete orain. Zergatik? Zein fasetan dago kontua eta zeintzuk dira hurrengo pausoak?
Itxaropentsu gaude legealdi hasieratik proiektuari heldu eta egiazko lanketa bat bultzatu dugulako, egungo egoerara egokitutako proiektu bat garatuz. Horrez gain, orain arte bultzatutakoa baino lanketa sakonagoa egin dugu Udalean. Aurreproiektua aurkeztua eta aztertua dago erakunde guztietan. Orain, Aldundiarekin elkarlanean, proiektua egikaritzeko finantziazioa zehazten ari gara. Behin finantzazioa lortuta, proiektu definitiboa idazteari ekingo zaio eta, behin proiektua gauzatuta, exekuzio fasera pasako ginateke.

 • Futbol zelaiaren proiektuaren harira. Ospas gain hor egonda, futbol zelaia beste leku batean eraikitzea hobetsi duzue. Zergatik? Zer beste asmo du Udalak Ospas gainerako?
Ospas eta Mañuska Berri, zein herriko gainerako kirol instalakuntzak osagarriak izango dira. Gainera, egun, Ospasen beste jarduera batzuek dute lekua eta horiek sustatzea du jomuga Udalak. Futbol zelaia Ospas gainen egitea zergatik baztertu duten galderari erantzuteko Mendaroko futbol zelai berriaren kokapenaren azterketa konparatiboa dokumentua bidali du. Irisgarritasuna, segurtasuna, zerbitzu-aukerak, ingurumen kontuak eta hirigintza kontuak aztertzen dituzte bertan eta hauek dira Ospas-gaineko aukera baztertzeko arrazoietako batzuk: Azpilgoetako plazatik Ospas-gainera 75 metroko desnibela dago. Herrigunean aldaparen pendiza “onargarria” da, baina landa-lurretan sartzen denean pendiza %10etik gorakoa da. Horri gehitu behar zaio urbanizatu gabeko zatia dela, espaloirik ez duena. “Aukera balego”, beraz, irisgarritasun-arauak errespetatuko lituzkeen trazadura berri bat egin beharko litzateke, baina trazadura hori planteatzea ezinezkotzat jotzen dute. Espaloirik gabeko errepide zatia eta argiztatu gabeko ingurunea izatea dira kontrako faktoreetako beste bi. “Genero ikuspegia ere hartu behar da kontuan, bai eta erabiltzaileak adingabeak izango direla eta eskola orduz kanpo joango direla entrenatzera; neguan, ilunetan”. Instalazio berriak zerbitzu sare berria eskatuko luke. Zerbitzu-sare berri horien trazadurak kostu handia dakar, bete beharreko distantziarako, eta bereziki da handia ur-horniduraren sarea osatzea, beste ponpaketa bat eskatzen duelako eta horri mantentze gastuak gehitu behar zaizkiolako. Futbol zelaia Ospasi-gainen egitearen “onura bakarra “da lehen dagoen espazioa aprobetxatu ahal izango litzatekeela, baina, hala ere, aprobetxamendu hori egiteko derrigor esku hartu behar da, belar artifiziala jartzeko eta futbol zelaia bera handitzeko. Horretarako, gaur egungo bidearen trazatua aldatu beharko litzateke eta ondorioz lur-mugimenduak eragin. Indarrean dagoen HAPOk, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak, ez du aurreikusten dagoen futbol-zelaia handitzea; beraz, beharrezkoa litzateke Ekipamendu-sistema orokor gisa kalifikatuko duen aldaketa izapidetzea].

2021 02 26 futbol zelaia proiektua lekua mendaro

 • Mañuska Berri inguruko lur horiek landa-lurrak dira, beraz hor zerbait eraiki ahal izateko Hirigintza Plan Orokorra aldatu beharko litzateke, ala? Noizko dago hori aurreikusita?
Plan orokorrean beste aldaketaren bat egiteko baliatuko duzue aukera? Bai. Hirigintza Plan Orokorra aldatu behar da. Momentu honetan eremuaren ikerketa geologikoa egina dago eta orain topografikoa gauzatzen gabiltza. Behin eremuaren azterketa guztiak amaituta hasiko dugu prozesua. 2021ean ekingo zaio aldaketari, azterketa guztiek eremua egokitzat ematen badute.

 • “Futbolean jokatzeko dagoen azpiegitura egoki faltari” erantzuten dio proiektuak Udalaren hitzetan. Aurrez, herri ekimenez landu zen beste proiektu bat. Gatikan egin bezala futbol eskola sortu nahi izan zuten Mendaron Milan Eskolakoek. Ez zuen aurrera egin. Kontuan izanda, herrian futbol talderik ez dagoela, antzeko aukeraren bati bidea eman nahi dio proiektu honek?
Ez.

 • Udalak herriko kirol eragileekin batzeko asmoa duela jaso du, proiektuaren ezaugarriak elkarlanean definitu eta garatzeko. Hortik ondorioztatu behar dugu ez dela futbol zelai hutsa izango? Bidea emango du honek beste kirol espezialitate batzuetakoek, esaterako dantzakoek, egin izan dituzten eskaerei bidea emateko?
Ez da futbol zelai hutsa izango. Bai, gainerako diziplinei lekua emango zaie bertan.

 • Azpilgoetan eraikiko diren 86 etxebizitzen notiziak aparkalekuen inguruko zalantza sortu du sare sozialetan. Zehaztuko zenuke gehiago proiektu hori? Aparkalekuen gaian zer gogoeta edo balorazio egiten du Udalak?
Proiektua hastapen fasean dago eta oraindik zehaztapenak ez daude finkatuta. Udalak bermatuko du etxebizitza berri guztiek aparkalekua izatea, eta gainera, gainazalean, aparkaleku gehiago sortzea dago aurreikusia herritarren erabilerarako.

 • Foru funtsetik urrian aurreikusitakoa baino 83.800 euro gehiago jasoko ditu Mendaroko Udalak. Udalaren finantzaketarako albiste ona da. Zertan eragingo du horrek Udalaren aurrekontuan?
Pandemia egoera honek egunetik egunera aldaketa ugari sortzen ditu eta diru hori sor daitezkeen behar bereziak estaltzeko erabiliko da: bai gizarte ongizate alorrean zein ehun ekonomikoa babeste aldera.

 • Bada aspaldian herrian bolo-bolo dabilen beste kontu bat: Kutxa erakunde finantzarioak ematen duen zerbitzua. Zer eginbide egin ditu Udalak honen inguruan.
Udala Kutxarekin harreman etengabean dago: erakundean eraldaketa batean murgilduta daude, zeina arreta presentziala murriztu eta zerbitzu telematikoak bultzatzea lehenesten ari den. Hala ere, Mendaroko bulegoak zabalik jarraitzen du eta arreta presentziala ematen da, Covid-19ak sortutako egoerara egokituta.

2021 02 26 mendaro kutxa