Debabarrenean 25 kasu positibo atzeman zituzten astelehenean eginiko PCR eta antigeno probetan, domekan eginiko probetan baino 19 kasu gehiago, alegia. Eibarren atzeman zituzten kasu gehienak, 15 guztira. Ermuan zazpi positibo berri zenbatu zituzten, bi Deban eta kasu bana Mallabian eta Elgoibarren. Gaur gaurkoz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 207,97 kasukoa da Elgoibarren eta 283,69 kasukoa Mendaron.
• Hiru lurraldeak, horiz
Jaurlaritzako Osasun Sailak 8.514 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo, martxoak 1, eta 366 kasu baieztatu zituzten; hau da, %4,3k eman du emaitza positiboa. Lurraldeka, 190 kasu erregistratu ziren Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 61 Araban eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Horiz ageri dira hiru lurraldeak, 300etik beherako intzidentzia baitute. Halere, oinarrizko birsorkuntza datuak goranzko joera hartu du berriz (0,88), nahiz eta ez duen 1eko muga gainditu.
Erietxeetan, 36 lagun ingresatu zituzten atzo eta 389 daude guztira ospitaleratuta –aurreko egunean baino 30 gutxiago–, baina 121 daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean –herenegun baino bat gehiago–.