Martxoaren 24ra arte egongo da Errigoraren udaberriko kanpainako eskaerak egiteko epea

Barren.eus 2021ko mar. 5a, 15:50

Atzo hasi zuen Errigorak 'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura' kanpaina, eta martxoaren 24ra arteko epea jarri dute eskaerak egiteko. Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserba-sortak, arroza eta pasta eskainiko dituzte, beti bezala, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Produktu ekologikoak eta ez ekologikoak erosteko aukera egongo da. Ekologikoen barruan, ondorengoak eskainiko dituzte: Pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, potxak, kardoa, menestra, garbantzuak, tomate frijitua, barazki krema eta pasta. Ez ekologikoen artean, berriz, hauek aukeratu daitezke: Pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, potxak, kardoa, borraja, zerba penkak, tomate frijitua eta arroza. Olioa bost litroko botiletan salduko dute, eta kontserbak 12ko poteetan.

Joan den urteko udazkenean egin zuten 'Euskarari puzka' kanpainan, euskalgintzarako inoizko ekarpenik handiena lortu zuen Errigorak: 302.000 euro. Aurtengo udaberriko kanpainari 'Plateretik baratzera' izena jarri diote, eta gainera itxura aldatuta aurkeztu dute kanpaina berria. Izan ere, irudia berritu dute datozen urteetako erronka berriei erantzuteko: "Sustraiak mantenduz, arbola haz dadin", zabaldu du komunitateak sare sozialetan.

Informazio gehiagorako eta eskaerak egiteko www.errigora.eus atarira jo behar da.

2021 03 05 errigora 2021 kartela