Martxoaren 8ko ospakizunean erantzukizunez eta arduraz parte hartzeko eskatu die Elgoibarko Udalak herritarrei. Pandemia dela-eta, Udalak ez du elkarretaratzerik deitu martxoaren 8rako, eta antolatu daitezkeenak ere ez dituela babestuko aurreratu du, jende pilaketak ekiditeko. Alabaina, “Herriari Hitza” egitasmoa antolatu du, herritarrei aldarrikapen mezuak zabaltzeko aukera emateko. Horretarako, martxoaren 8an, goizean zein arratsaldean (11:00-13:00 eta 17:00-19:00) mikrofono bat jarriko dute Kalegoen plazan, nahi duenak parte hartu eta bere aldarrikapena ozen egin dezan.
Asmoa da herriko ikastetxe, elkarte edota kolektibo desberdinek parte-hartzea eta, adibidez, herriko emakume idazleen liburuetatik ateratako pasarte motzak irakurtzea.
Edozein kasutan, segurtasun neurriak betetze aldera, aurrez izena eman beharko da ondorengo loturan: https://labur.eus/herriarihitza
Amaitzeko, Udalak herritarrak animatu nahi ditu Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin eta egun horretarako zein hilabete osorako antolatutako ekintzetan parte hartzera, betiere, “zentzuz, arduraz eta zuhurtziaz jokatuz”. Horretaz gain, indarrean dauden neurriak bete eta errespetatzen jarraitzeko eskatu du.
• Balkoi eta leihoetan
Etxeetako balkoi eta leihoetan ere igarriko da Emakumeen Nazioarteko Eguna dela. Horietan zintzilikatzeko 500 bandera banatuko ditu Udalak, herritarrentzat zein merkatarientzat. Aita Agirreko sarreran eskuratu daitezke, 17:00etatik aurrera, debalde, guztiak agortu bitartean.
• Elkarrerataratzeetarako baimenak
Udalak jakinarazi du, baimena eskatuz gero, badagoela elkarretaratze edota manifestazio deialdiak egiteko aukera. Horretarako, baina, ezinbestekoa da idatzizko baimena Ertzaintzari aurkeztea, zer nolako ekitaldia den adieraziz, baita noiz egingo den eta zein ibilbide izango duen zehaztuz ere. Baimen hori, gutxienez, ekitaldia hasi baino 24 ordu lehenago aurkeztu beharko da.
Era berean, kale ekintzetan parte hartu dezaketen pertsona kopuruari dagokionez, LABIren araudiak pertsona mugarik jasotzen ez duen arren, Udalak gogorarazi du ezinbestekoa dela indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak betetzen eta errespetatzen jarraitzea, besteak beste, urruntze sozialak, musukoak, higiene neurriak, eta, mugikortasunaren aldetik, baita udalerrietako itxiera perimetralak ere.
Gai honekin amaitzeko, kalera irteteko nahia izanez gero, Udalak aipatu du herriko mugimendu feministari dagokiola baimen eskaerak egitea.
∞Lotura duten albisteak: