C.D. Elgoibarko bost talde itzuliko dira lehiara asteburuan

Barren.eus 2021ko mar. 10a, 12:03

Denboraldi berezi honetako lehen partida jokatuko dute C.D. Elgoibar kirol-taldeko bost taldek asteburu honetan.

Mintxetan jokatuko dute hiru taldek: ohorezko kadeteen taldeak Aretxabaletaren bisita jasoko du zapatuan, 10:30ean; emakumeen talde nagusiak ere zapatuan jokatuko du, Irauli Bosteko taldearen aurka, 16:00etan hasiko den neurketa. Lehen mailako jubenil taldeak domekan jokatuko du bere partida, 11:00etatik aurrera, eta Urola taldea izango dute aurkari. Ikuslerik gabe jokatuko dituzte partida guztiak.

Ohorezko Jubenil Mailan diharduen C.D. Elgoibarreko taldeak Deban jokatuko du denboraldiko aurreneko neurketa, Amaikak Bat taldearen aurka, zapatuan, 11:00etan. Lehen mailako kadeteek Azkoitian jokatuko dute, Anaitasunaren aurka. Talde horiek partida ofizialak jokatuko dituzte, baina aurtengoa ez da ohiko lehiaketa izango, besteak beste, ez delako jaitsierarik ez igoerarik izango. Federazioak kluben esku laga du parte hartzea, eta talde bakoitzak erabaki du lehiara itzuli ala ez. Hori bai, infantil, alebin eta futbol eskolan diharduten taldeak ez dira lehiara itzuliko denboraldi honetan. Erregional mailako bigarren taldea ere ez da lehiara itzuliko, baina kasu honetan C.D. Elgoibarrek hala erabaki duelako. Hainbat jokalarik Haundin dihardute eta baldintza egokietan lehiatzeko zailtasunak izango zituztela ikusita ez dute izenik eman.
 • Haundiren garaipena 'in extremis'
Haundik Mintxetan jokatu zuen zapatuan ligako hirugarren jardunaldiko partida. Debako Amaikak Bat taldea izan zuten aurkari eta galtzen hasi baziren ere, partidari buelta eman eta 2-1 irabazi zuten. Eneko Basurtok sartu zuen etxekoen lehen gola, penaltiz, eta Urrestik sartu zuen garaipenaren gola, 93. minutuan (ikus hemen Urrestik 'baselina' polit bati esker sartutako gola, Manu Sanchezen argazkietan). Garaipen honi esker sailkapeneko bigarren postuan dago Haundi, sei punturekin, eta partida bat gutxiago jokatuta. Zoritxarrez, urrian jokatutako lehen jardunaldian Aloña Mendiri irabazita eskuratutako hiru puntuak galdu ditu. Izan ere, txapelketan parte hartzeari uko egin diote oñatiarrek -horretarako aukera zuten-; eta hortaz, ez dute baliorik Haundik Aloñaren aurka lehen jardunaldian eskuratutako hiru puntuek.  

2021 03 10 haundi cd elgoibar vs amaikak bat arg manu sanchez

 ∞Lotura duten albisteak: