Euskara suspertzeko ahalegina

Barren.eus 2021ko mar. 12a, 11:11

Langileen arteko hizkuntza-ohiturak euskalduntzeko ahaleginean dihardu Osakidetzak azkeneko lau urtean, Soziolinguistika Klusterrarekin lankidetzan, eta asmo horrekin abiarazitako Aldahitz egitasmoaren bi metodologia jarri dituzte martxan Debabarreneko ESIn: Eusle eta Ulerrizketa. Azken horren adibide bat ekarri dugu gaur hona. Elgoibarko pediatria saileko langileek bertatik bertara ezagutu ahal izan dutelako. 2021eko urtarrilean bukatu zuten bi hilabete iraun zuen esperientzia eta emaitza igarri-igarrikoa dela nabarmendu dute partehartzaileek: gaur, euskara gehiago egiten dute euren artean.

Medikua, ona ala euskalduna?. Galdera gaiztoa da, tranpatia, mediku ona eta euskalduna izatea bateraezinak balira bezala aurkezten dituelako, pertsona bakarrarentzat jakintza gehiegi balitz bezala medikuntza eta euskara jakitea. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundetik sarri azpimarratu izan duten bezala, gaixoak bere osasuna arriskuan ikustearen beldurraz baliatzen dira galdera hori egiten dutenak, euskarari prestigioa kentzeko eta mediku euskaldunen beharra zalantzan jartzeko. Baina mediku onak eta euskaldunak badaude, asko, eta zorionez, gero eta gehiago gainera. Eta gaur, inork gutxik jartzen

du zalantzan pazientearen hizkuntza jakitea oso lotua dagoela kalitatezko zerbitzua eskaintzearekin. Hala jasota dauka Osakidetzak berak ere, Bigarren Euskara Planean, eta hala nabarmendu du Garbiñe Garai Debabarreneko ESIko Euskara teknikariak ere. Eta zerbitzua hobetzeko ahalegin horretan, Soziolinguistika Klusterrarekin lankidetzan ari da Osakidetza azkeneko urteotan.

Hizkuntza-ohiturak aldatzeko abiatu zuen Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz izeneko proiektua, eta 2012az geroztik, hiru metodologia sortu dituzte egitasmo horren harira: Eusle, Ulerrizketa eta Uler-saioak. Lehenengo bi metodologiak aspalditik daude martxan hainbat enpresa eta instituziotan, baina Uler-saioa metodologia geroagokoa da eta proba-fasean dago. Osakidetzak, nolanahi ere, 2018an ekin zion Soziolinguistika Klusterrarekin batera Aldahitz proiektua nola aplikatu aztertzen, Osakidetzaren ezaugarriek ez zutelako erraza egiten metodologia hauen aplikazioa. Enpresaren beraren tamaina eta lantaldeetan langile mugimendu handia izateak zailtzen zuen metodologiak praktikan jartzea, Garbiñe Garaik azaldu duenez, baina hala ere, abiatu zituzten lau esperientzia pilotu. Eusle metodologia jarri zuten praktikan lau esperientzia horietan.
Harreman natural batean euskararen erabilera errazteko borondatezko esperientzia da Eusle esperientzia eta bi baldintza behar dira praktikan jartzeko: lantalde bateko kide guztiek euskara ulertzea eta taldekideen %80 ariketan parte hartzeko prest egotea. “Gehiengoaren adostasunik gabe ezin da abiatu”. Metodologiaren ardatza, berriz, euslea da, euskaraz egiteko erraztasun eta joera handiena daukan taldekidea, gainerakoen hizkuntza-ohituretan eragingo duena. Taldekideek eurek aukeratu behar izaten dituzte euren taldetik ze bik beteko duten eusle funtzioa. Hau da, taldeak izendatu behar ditu eusleak, eta horiek euskaraz berba egingo diete beti gainerako lankideei. Eusleak beti egin beharko du euskaraz, beraz, baina gainerako lankideek ez dute zertan, nahiz eta konpromisoa hartuko duten ahal duten guztian eusleari euskaraz egiteko.
Lau esperientzia pilotu haien ondotik, 2019an jarri zuten martxan metodologia hau Debabarrenako ESIko pertsonaleko sailean, 11 laguneko lantalde batean. Bi hilabete iraun zituen ariketak, eta bi txandatan egin zuten: 2019ko urriaren 21etik azaroaren 15era, eta urte bereko azaroaren 18tik abendura. Lehenengo txandaren ostean, aldatu egin zituzten eusleak, eta astero, jarraipen-fitxa bat bete zuten parte-hartzaileek, eusleek euren eginbeharra ondo bete zuten baloratzeko. Bi hilabeteko esperientzia bukatu eta hiru hilabetera neurtu zuten langileek eurek euren arteko elkarrizketetan zein hizkuntzatan ari ziren eta balorazio positiboa egin zuten. “Emaitzen azterketa zehatzik ez daukagu momentuz, baina balorazio positiboa egin zuten langileek, eta esan zuten gehiago egiten zutela euskaraz euren artean”, zehaztu du Garaik. Osakidetzaren beraren ezaugarriei erreparatuta, Biko Eusle izeneko metodologia ere sortu zuen Soziolinguistika klusterrak 2019an. Eusleren aldaera bat da Biko Eusle; berba egiteko ondo moldatzen diren arren, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten bi-hiru lankideren artean egiteko ariketa. Urte berean, Ulerrizketa metodologia aplikatzeari ere ekin zioten osasun-alorrean.

 • Ulerrizketa
Aurreko bi egoeretan parte-hartzaileek ez zuten euskaraz ulertzeko zailtasunik, baina euskara ulermen apalagoa zuten lantaldeetarako beste zerbait asmatu beharra zegoela jabetu ziren eta hala sortu zuten Ulerrizketa metodologia Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Helburua garbia zen: euskara ulertzeko zailtasunak zituzten hiztunen ulermen gaitasuna hobetzea eta horrelako egoeretan erdaraz aritzeko joera izan ohi duten euskaldunek euskara gehiago egitea. Ulertzaileak dira batzuk, euskaraz dena ulertzeko gai ez diren arren euskararekiko jarrera positiboa dutenak, eta mintzatzaileak dira besteak, euskaldunak. Bi metodologiak emaitza ona izan zuten aplikatu zituzten lekuetan eta horregatik, esperientzia gehiago jarri zituzten martxan, tartean Elgoibarko anbulatorioko pediatria sailean. “Ikusi genuen euskararen erabilera bultzatzeko beharra zegoela eta ematen zirela baldintzak Ulerrizketa metodologia aplikatzeko, besteak beste hor geneukalako, batetik, Xabier Hernandez pediatra, euskara ikasten ari zena eta oso jarrera ona zeukana euskararekiko, eta bestetik, hor geneuzkalako Ane Moreno erizaina eta Andrea Cerezo pediatra, biak ere euskaldunak, eta biak ere ariketan parte hartzeko prest zeudenak. Eta horri gehitu Elgoibar herri euskalduna dela”, aipatu du Garaik. Talde naturala osatzen dute Xabier Hernandez eta Andrea Cerezo pediatrek eta Ane Moreno haur-erizainak. Pediatria saileko angileak dira, eta bi hilabete egin dituzte esperimentuan. Cerezok eta Morenok ez dute inolako arazorik euskaraz ulertzeko eta berba egiteko, eta metodologiarekin hasi baino lehen ere, euskaraz egiten zioten elkarri, “ia beti”. Xabierrek, baina, zailtasun handiagoa du euskaraz berba egiteko, baina ikasteko “gogo bizia”.

2021 03 12 euskara suspertzeko ahalegina pediatrak elgoibar barren aldizkaria b1

“Osakidetzak euskara ikasteko ikastaroak ordaintzen dizkie langileei eta liberazioak ere eskaintzen ditu. Garai batean gehiago ematen zituen, errazagoa zelako ordezkoak topatzea, baina gaur egun sail batzuetarako ordezkoak lortzea oso zaila da, eta pediatria da sail horietako bat. Oso pediatra gutxi daude, eta euskaldunak gutxiago. Baina Xabier bere kasa hasi zen euskara ikasten, dirulaguntzarik eta liberaziorik eskatu gabe; bere kabuz atera zuen lehenengo eskakizuna, eta behin hori eginda, liberazioa eskatu zuen ikasten jarraitzeko. Xabier oso kontziente da pazientearen hizkuntza ezagutzea oso garrantzitsua dela kalitatezko zerbitzua emateko ”. Gaur bi orduz liberatuta dago Hernandez, lehenengo orduan euskara eskolak jasotzeko.
Joan zen urrian hasi zuten ariketa hiru lagun horiek. Formakuntza txiki bat jaso zuten lehenengo azaroaren 4an bide telematikotik, eta bigarren bat jaso zuten handik astebetera, Elgoibarko anbulatorioan bertan, Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko ordezkariaren eta Garbiñe Garairen eskutik. Bi formazio horien ostean erabaki zuten esperientzia abiaraztea eta konpromisoa hartu zuten bi hilabetez eustekoa. Xabierrek ulertzailearen rola hartu zuen [Euskaraldia ariketako Belarriprest rolaren parekoa] eta Moreno eta Cerezok mintzatzaileen rola hartu zuten [Ahobizi rolaren parekoa]. “Adibide praktikoekin azaldu genien nola jokatu behar zuten. Eguneroko gai bat hartu eta Xabierrekin euskaraz hizketan jarri genituen mintzatzaileak eta azaldu genien nola jokatu behar zuten Xabierrek zerbait ulertzen ez zienean, nola egin behar zuten azalpena beste modu batean emateko, ziurtatzeko Xabierrek ulertzen zituela. Azken batean erremintak eskaini genizkien”, zehaztu du Garaik. Behar baino formazio laburragoa izan zela aitortu du hori bai, profesionalek oso lotuak dituztelako agendak, baina nabarmendu du borondatea eta jarrera ona dauden lekuan dena dela errazagoa, eta horixe izan zela Elgoibarko kasua. “Berez, Xabier ez zegoen derrigortuta Aneri eta Andreari euskaraz hitz egitera, metodologia honetan helburua ulermena hobetzea delako, baina bai Ane eta Andrea Xabierri euskaraz egitera. Xabierren papera azpimarratzekoa da, baina baita Ane eta Andrearena ere, badakigulako euskaldunok zein erraz aldatzen dugun erdarara parean duguna kostata ari dela igartzen dugunean”.
Gainditu beharreko beste erronka bat ere bazen, baina gure hiru protagonistetako biren artean. Xabierrek eta Andreak aspalditik ezagutzen zuten elkar. Erdaraz ezagutu zuten, baina, elkar, eta elkarren hizkuntza gaitasunen eta hautuen berri bazuten arren, ez zitzaien batere erraza hizkuntza-ohitura hori aldatzea.”Eta gainditu dute. Eta nik, euskara teknikari moduan, horixe azpimarratu nahiko nuke: posible dela hizkuntza-ohiturak aldatzea”.
Pozik daude arduradunak zein protagonistak, eta Elgoibarko anbulatorioko esperientzia Debabarreneko osasun-alorreko beste zeinbat espaziotan errepikatzeko modukoa ikusten dute guztiek. “2019ko abenduan amaitu genuen eusle esperientzia hau pertsonalean eta 2020ko otsailean buru-belarri ari ginen Euskaraldiko aurkezpenak-eta prestatzen, baina iritsi zen martxoa, iritsi zen pandemia, eta akabo ordura arteko gure ahaleginak! Osakidetza berez da enpresa konplikatua halakoak martxan jartzeko, langileen mugikortasun handia dagoelako eta zer esanik ez pandemia betean”. Baina ez daude eskuak gurutzatuta gelditzeko. Euskararen zeharkakotasuna indartzea dute helburu Euskara Sailean, eta ahalegin betean ari dira. Egin berri dute, esaterako, Bigarren Euskararen Planaren balorazioa eta pozik daude emaitzarekin.