III. Gazteen Gipuzkoako Aurresku Txapelketako ligaxkako lehen saioa jokatu zuten zapatuan, Legazpin. Guztira 37 dantzarik hartu zuten parte, B eta D sailetan banatuta. “Erribera” eta “Zortzikoa” dantzatu zituzten B sailekoek eta “Ehun Dukat” eta “Aurkez Aurke” edo “Desafioa” D sailekoek. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kideek osatutako epaimahaiak Lezoko Mikel Esnaola izendatu zuen B saileko irabazlea; eta, D sailean, Eneko Etxaniz izan zen irabazlea.
Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolatik jakinarazi dutenez, maila "oso onean" aritu ziren Elgoibartik joan ziren zortzi dantzariak. B sailean (2008 eta 2010 urteen artean jaiotakoak) lehiatu ziren lau: Amaia Mendia, Maialen Pizarro, Duna Santos eta Elaia Etxaniz. Eta, D sailean (2006 eta 2007an jaiotakoak) gainerako lau dantzariak: Malen Galarraga, Nerea Galindo, Jon Etxeberria eta Eneko Etxaniz.
Dantzari gaztetxoenak, B sailean aritu zirenak, estreinakoz aritu dira txapelketa batean eta horien lana azpimarratu dute eskolako arduradunek, "gogor lan" egin eta gero ailegatu baitira txapelketako lehen saiora. "Maila oso ona eman zuten denek, lan bikaina eginez, gainera D saileko irabazlea Eneko Etxaniz izan zen. Zorionak guztiei egin duzuen lan bikainagatik", esan dute.
Villabonan izango da txapelketako bigarren jardunaldia, martxoaren 28an, eta sei dantzari elgoibartar dira parte hartzekoak: Uxue Cabrera, Elaia Etxaniz, Duna Santos, Nerea Galindo, Malen Galarraga eta Eneko Etxaniz.