- Tutoretzapeko etxebizitzen kasuan horien funtzionamendu egokia bermatzeko gainbegiratze lanak edota, beharrezkoa den kasuetan, arreta pertsonala eta etxekoa eskaintzea da helburua.
- Eguneko Zentroaren kasuan, berriz, asmoa da mendekotasuna duten adinekoei atentzio eta arreta integrala eskaintzea, haien beharrak asebetez.
Mendaroko Udaletik jakitera eman dutenez, tutoretzapeko etxebizitzen helburu nagusia da adinekoei ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehienez eta baldintzarik egokienetan jarraitzeko erraztasunak eskaintzea, autonomia galera prebenitzeko edota arintzeko beharrezkoak diren laguntza zehatzak bermatuz. Horrekin batera, pertsona horiei komunitatean bizitzeko aukera eskaini nahi diete.
Horretarako, adinekoak gizarte sare batean txertatzea sustatuko duela azaldu du Udalak. "Horrek kalitatezko harremanak eskainiko dizkie, hau da, babesa eta laguntza jasoko dute, dela emoziozkoa, informazio mailakoa eta instrumentala. Era berean, gizarte sare horrek norberaren nortasuna finkatzen lagunduko du, begiruneko arreta pertsonalizatuaren bitartez".
Eguneko Zentroan, berriz, atentzio eta arreta integrala eskaintzea da zerbitzuaren helburu orokorra, erabiltzaileek (mendekotasuna duten adinekoak) dituzten premia indibidualei erantzunez eta haien autonomia sustatuz zein bizi kalitatea hobetuz. "Horrekin batera, haien familiei arreta egokia eskaintzen zaiela bermatu behar da", zehaztu dute. Mendaron 2006ko urrian jarri zuten martxan Eguneko Zentroa.
• Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta lehiaketaren epeak
Gauzak horrela, zerbitzuaren kudeaketa eta erabilera egokia bermatze aldera, Udalak beharrezkotzat jotzen du zaintzaile-animatzaile, psikologo, koordinatzaile eta garbitzailez osaturiko taldea osatzea. Horretarako, ezinbestekoa da langileen trebakuntza garatu beharreko lanera egokitua izatea, antzeko edukia duten lanetan esperientzia izatea eta, noski, EAEko hizkuntza ofizialak ezagutzea.
- Aurkeztu beharreko dokumentazioaren zein lehiaketaren epeen inguruko informazio osagarria ikusgai dago www.mendaro.eus webgunean.