- Jatetxe eta tabernei zuzendutako diru-laguntza zuzenak: Establezimendu bakoitzeko 1.000 euroko zenbateko finkoa eman du Mendaroko Udalak. Diru hori ostalaritza, jatetxe eta ostatu jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek jaso dute, baldin eta jarduera horiek azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak aldatutako urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren eraginpean bazeuden. Guztira 10.000 euroko partida izan da.
- Establezimenduentzako II. kontsumo-bonuak: Merkataritza -eta zerbitzu- jarduerak garatzen dituzten herriko establezimenduetarako kontsumo-bonuak ere kaleratu ditu Udalak. 8.000 euroko inbertsioa eginda, 400 bono kaleratu zituzten.
• Bono sistema, datuetan
Bono sistema 2020ko abenduaren 14tik 2021eko urtarrilaren 30era egon zen martxan. Guztira hamabi dendak eta lau zerbitzuk hartu dute parte. Bakoitzari 40 bonu txartel banatu zizkion Udalak. 200 herritar inguru izan dira bonuen onuradun. Herritarrek 30 euro gastatzeko bonuaren truke 20 euro ordaindu dituzte. Udalak jakitera eman dituen kalkuluen arabera, 18.300 euroko salerosketak egin dira epe horretan Mendaroko merkataritzan.
• 120.000 euroko inbertsioa 2020an
Pandemiak eragindako osasun eta gizarte ondorioak leuntzeko hartutako hainbat ekimen eta neurriren berri ere eman du Udalak. Berraktibazio Planaren bi fase burutu dituzte, 120.000 euroko inbertsioa orotara. Hiru alorretara bideratu dute diru-laguntza hori: gizarte ongizatea, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sustapena eta Covid-19ari negozioak egokitzeko laguntza-lerroa.
Maiatzean abian jarritako Berraktibazio Planaren barruan eman dizkiete laguntza zuzenak ostalariei, hobariak zergetan eta udal-tasetan, edota bono kanpaina egin dute. 88.000 euro inbertitu zituzten.
Iñaki Arregi alkateak azaldu du orain arteko neurriak herriko ostalari, zerbitzuetako langile eta merkatariekin adostuak izan direla. “Hainbat bilera egin ditugu, eta jarraituko dugu egiten, euren egoerari jarraipena egin eta beharrak aztertzeko. Une zailak ari dira bizitzen herriko enpresak eta autonomoak, eta inoiz baino gehiago gure laguntza behar dute. Bertan kontsumitu dezagun, segurtasun neurri ororekin, eta lagun dezagun herria bizi eta zerbitzuekin mantentzen”.
Bide horretan, Udalak 2021eko aurrekontuetan Covid-19ari aurre egiten jarraitzeko partida bat zabaldu du, unean-uneko neurriak hartzen jarraitzeko. Ostalari, merkatari eta zerbitzuetako ordezkariekin elkarrizketak eta bilerak egiten jarraituko dutela azaldu dute udal arduradunek, "sektorearekin elkarlanean, herriko ehun ekonomikoa babestu eta laguntzeko neurri egokienak jartzeko abian".