Martxoaren 3an hasi zuen Errigorak 'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura' kanpaina, eta martxoaren 24ra arteko epea jarri dute eskaerak egiteko. Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserba-sortak, arroza eta pasta eskainiko dituzte, beti bezala, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.
Produktu ekologikoak eta ez ekologikoak erosteko aukera egongo da. Ekologikoen barruan, ondorengoak eskainiko dituzte: Pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, potxak, kardoa, menestra, garbantzuak, tomate frijitua, barazki krema eta pasta. Ez ekologikoen artean, berriz, hauek aukeratu daitezke: Pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, potxak, kardoa, borraja, zerba penkak, tomate frijitua eta arroza. Olioa bost litroko botiletan salduko dute, eta kontserbak 12ko poteetan.
- Informazio osoagoa, eta eskaerak egiteko: www.errigora.eus
Joan den urteko udazkenean egin zuten 'Euskarari puzka' kanpainan, euskalgintzarako inoizko ekarpenik handiena lortu zuen Errigorak: 302.000 euro. Aurtengo udaberriko kanpainari 'Plateretik baratzera' izena jarri diote.