Iaz ez zuten Aste Santuko kirol campusik egin, pandemia dela-eta, baina duela bi urte egin zuten campuseko parte hartze datuekin alderatuta, nabarmen egin du gora izen emateak, 2019an 28 umek hartu baitzuten parte. Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko arduradunek azaldu dutenez, eskaintza indartzeak eta udaberriko oporraldirako ezarritako mugikortasun mugek eragin dute gorakada hau. Eguraldi aparta lagun, gaur hasi dute campusa eta apirilaren 9ra bitartean hainbat kirol egiteko aukera izango dute umeek, besteak beste, atletismoa, tenisa, padela, mendi irteerak, slackline, jarduera fisikoa, mendi bizikleta eta skate/surfskate. Horiez gainera, jarduera berri bat ere sartu dute egitarauan, arku tiraketa. Zarta Arku Tiraketa taldeko kideekin elkarlanean bi arku tiraketa saio egingo dituzte Mintxetan.
Hamahiru umez osaturiko lau taldetan banatu dituzte parte hartzaileak eta 11 monitorek gidatuko dituzte saioak. Kirol jarduera guztiak aire librean egingo dituzte, eta guraldi txarra eginez gero Olaizaga eta IMH kiroldegietako kantxak eta Ikastolako frontoia erabiliko dituzte.