Fermin Arrese hil da, Juan Mugertza Nazioarteko Krosaren bultzatzaile nagusietako bat izan dena

Barren.eus 2021ko api. 8a, 16:18

1948. urtean batu zen Mugertza Krosaren antolakuntza taldera Fermin Arrese, Jose Gurrutxaga zenarekin batera (2016ko urriaren 23an hil zen). Casto Iraegi eta haren taldeari erreleboa hartu zieten bi lagunek, eta haien ardurapean hartu zuen krosak nazioarteko izaera ere, 1963an. "Txiripaz gertatu zen. Elgoibarko bizilagun bat Donostiara joan zen hileta batera eta han Sein izeneko kazetariarekin egin zuen topo. Lasarteko krosari buruz hizketan ari zirela, hark esan zion Gipuzkoako Atletismo Federazioa korrikalari afrikarrak ekarri nahian ari zela, eta tartean Mamo Wolderen izena aipatu zion. Atleta afrikar haietako batzuk Elgoibarrera ekartzeko aukera aipatu zion Seinek, gurea Lasarteko krosa baino astebete aurretik jokatzen zelako. Eta halaxe hasi ginen Wolderen atzetik. 60.000 pezeta eskatu zizkiguten Mamo Wolde eta Marian Elgoibarrera ekartzeagatik Elgoibarrera eta guk onartu egin genuen", adierazi zuen 2012an, Kros Mugertzaren antolakuntza taldea utzi ostean. Urte hartan omenaldi hunkigarria egin zioten Elgoibarko Udalak eta Mintxeta Atletismo taldeak. Arresek 63 urte egin zituen krosaren antolakuntza taldean, harik eta Ego-Tokik hartu zuen antolakuntza lanen ardura. Hala ere, krosari lotuta bizi izan da azken-azkenera arte. Azkeko urteetan berak jotzen zuen kanpaia korrikalariak azkeneko buelta hasten zutenean. 2018an San Bartolome jaiak hasteko suziria ere bota zuen Asensio Otegirekin batera. Mintxeta Atletismo Taldeari eta Morkaiko Mendizale Elkarteari eman zien ohore hori Udalak, 75. urte bete zituztelako. Bi elkarteen izenean piztu zuten suziria Otegik eta Arresek, Iñaki Laskurain Morkaiko Mendizale Elkarteko presidenteak eta Zigor Diez Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkariak pregoia irakurri ostean.
 
Zigor Diez Mintxeta Atletismo Taldeko kideak doluminak agertu dizkie klubaren izenean Arreseren etxeko eta gertukoei, eta esker on hitzak izan ditu urte hauetan guztietan erreferentetzat izan duten gizonarentzat. "Ni 2001ean batu ginen antolakuntza taldera, eta beti sentitu izan dut gertu Fermin. Izugarri maite zuen krosa, eta ez gurea bakarrik. Lasarteko krosera ere eramaten genuen gurekin, bai eta Zornotzakora ere. Izugarri gozatzen zuen. Krosak maiteminduta zeukan eta krosaren berezko sentimendu horrek bizi zuen".