Bizilabe ikerketa zentroarekin lotutako jarduerak diruz laguntzeko hitzarmena sinatu du Elgoibarko Udalak Elhuyarrekin

Barren.eus 2021ko api. 27a, 10:55

Elgoibarko Udalak 35.000 euroko laguntza emango dio Elhuyarri 10 eta 16 urte bitarteko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa garatzeko, eta baita "ekintzailetasuna eta sormena" bultzatzeko ere.

Herriko gazteekin lan egitearen aldeko apustua egin duela azaldu dute udal arduradunek, etorkizunean, lan merkatuan sartzeko "aukera handiagoa eta enplegagarritasun handiagoa" izan dezaten. Horretarako, nabarmendu dutenez, Elgoibarko enpresek behar duten ezagutzarekin eta lan arloko kualifikazioarekin prestatu behar dira gazteok . Asmo horretan, Sustapen Ekonomikoko Sailaren bitartez, Elhuyarrek kudeatzen duen Bizilabe programa dela bide "zuzen eta egokiena" uste dute. Hori dela-eta, programari 2021ean jarraipena emateko lankidetza hitzarmena sinatu berri dute Elhuyarrekin.

Bizilabe programa 10 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa garatzea ditu helburutzat, eta bidenabar, ekintzailetasuna eta sormena bultzatzea. Programa horrek, halaber, gazteei, tailerretan parte hartu eta proiektuak garatzeko aukera eskaintzen die gune fisiko batean, profesionalen, mentoreen eta irakasleen laguntzarekin, haien gaitasunak garatzeko eta jabekuntzan aurrera egiteko.

Hitzarmenaren bitartez, Elgoibarko Udalak 35.000 euroko laguntza emango dio Elhurarri, esan bezala, gazteengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko. Horretarako, urtean zehar hainbat ekintza antolatzea aurreikusten dute, besteak beste:

  • Ikasturteko programa: “Izan ikertzaile asmatzaile”.
  • Demo saioak.
  • Udalerriko enpresetara bisitak.
  • Komunitateko ekintzak.
  • Elgoibarko emakume zientzialarien (mentoreak) sarea.
  • Neska-mutilen artean eragin positiboa izatea, jabetzeko eta haien gaitasunak garatzeko aukerak emateko.

Elgoibarko Bizilabe proiektuko ikerketa zentroa Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoan egongo da, eta guneak partekatu egingo dituzte, proiektuak elkarrekin garatzeko.

2021 04 27 bizilabe Elhuyar zientzia elgoibar 1