Liztor beltzaren kontrako kanpaina abiatu dute Foru Aldundiak eta hainbat udalek, tartean Mendarokoak

Barren.eus 2021ko mai. 10a, 15:22

Liztor beltzaren (vespa velutina) kontrako kanpaina abiatu dute Foru Aldundiko Fauna Basatiaren eta Abeltzaintza Departamentuak eta hainbat udalek lankidetzan. Liztor beltzaren erreginek hibernatzen pasatu dute negua eta udaberriarekin batera, neguko ezkutalekuetatik irten eta kabi berriak egiteari ekin diete. Horregatik, haien habiak desaktibatzeko kanpaina hasi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean sortzen dituen kalteak murrizteko.

Suhiltzaileek, basozainek, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideek eta Landa Garapen Elkarteko, udaletako eta Aldundiko langileek osatzen dute lantaldea. Helburua, berriz, zera da: liztor beltzak erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean sortzen dituen kalteak murriztea, bai eta pertsonei egiten dizkien ziztadak saihestea ere. Horretarako, herritarrei laguntza eskatu diete, eta liztor beltzaren habi bat ikusiz gero, Udalera deitzeko eskatu dute, protokoloa martxan jarri dadin.

Liztor beltzak buru beltza eta aurpegi laranja ditu; bertako liztorrengandik bereizten duena hankak dira, gorputzaren aldeko zatia beltza eta puntak horiak dituztelako. Lehen habiak toki babestuetan egin ohi dituzte: teilatu-hegal azpietan, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaian eta pertsianen kaxetan, esaterako. Uztaila amaiera bitarte ikusten dira eta forma esferikoa dute, ia borobila. Adituek ohartarazi dutenez, oso garrantzitsua da lehen habia hauek detektatzea eta desaktibatzea, liztorrak ugaritzea eta zabaltzea eragotzi daitekeelakohorrela. Lehen habia suntsitu ezean handiagoak egiten dituzte, eta uda edo udazken parterako habia bakoitzean 3.000 liztor inguru izatera iritsi daitezke. Gainera, lehen habiak kentzea errazagoa izaten da langileentzat, txikiak direlako, eta baliabide gutxiago eskatzen dituztelako: spraydun biozidarekin eta salabardoaren laguntzaz nahikoa izaten dute askotan.
 
Lehen habia horiek ilunabarrean suntsitu behar dituzte, egunez liztorrak janari bila ibiltzen direlako. Erregina kanpoan dagoela kenduz gero, honek beste habia bat eraikiko du eta esfortzu guztiak alferrikakoak izango lirateke. 
 
 • Kalteak
 
Liztor beltzak, ondutako frutak hozkatzen ditu, erleak eta bestelako xomorro ugariri erasotzen die, bertakoa den liztorrarekin lehiatzen da eta polinizatzaileak diren espezieen jokabidea eraldatzen du. Horrenbestez, ondorioak oso nabarmenak dira erlezaintzan eta nekazaritzan, kalteak sortzeaz gain, ingurumenean eragiten dutelako.
2021 05 10 liztor beltzaren habia

∞Lotura duten albisteak: