Ahotsak

Pantaleon birraitona, 'Mozkote'

Barren.eus 2021ko mai. 10a, 16:15

Pantaleon Unzueta birraitonari "Mozkote" esaten zioten Pepita eta Rosa Unzueta Iriondo ahizpek, txikia eta zabala zelako. Pilotari ona omen zen.

Pepita eta Rosa Unzueta Iriondo ahizpek Errosario kaleko euren etxearen izenaren jatorriaz dihardute ahotsak.eus-en jasota duten honako bideo-lekukotzan. San Inazio kaleko 7. zenbakian jaio ziren bi ahizpak, tren-geltoki ondoan. Tren-geltokiko taberna zuten etxeko beheko solairuan, eta taberna ere "Mozkotenekua" izenarekin zen ezaguna. "Giro polita egoten zen taberna hartan, batez ere trena heltzen zenean", gogoan dute. Azkeneko trena pasatzen zenean, 20:00etan, taberna ere itxi egiten zuten. Aita Errosario kaleko "Mozkotenekua" etxekoa zen eta ama Mutrikuko Olatz auzoko Abeletxe baserrikoa. 1941. urtean familia osoa birraitonak izena eman zion etxera joan zen bizitzera, Errosario kaleko "Mozkotenekua" etxera. Pepita Unzuetak 50 urtez berak kudeatutako mertzeria-denda izan zuen etxean, eta Antonio Perez de Aguado gasteiztarrarekin ezkondu zen "Mozkotenekua" etxera.

 Errosarioko jai batzordeak kalearen nortasuna berreskuratzeko ekimena gauzatu zuen 2009an, eta ezkaratz bakoitzean karteltxoak ipini zituzten kaleko etxe bakoitzak sasoi batean zeukan izenarekin. Oihartzun eta arrakasta handia izan zuen ekimenak eta gaur ere hor daude oraindik karteltxoak. Elgoibarko kalerik garrantzitsuenetakoa izan zen antzina Errosario. Feria kalea izenez ere ezagutzen zen, baserritarrek bertan lotuta lagatzen zutelako ganadua feria egunetan. Orduan, etxe bakoitzak zeukan izena. Normalean, eraikin bakoitzean familia bat bizi izaten zen, eta horren izena hartzen zuen etxeak.
Pepita eta Rosa ahizpak izan ziren etxe bakoitzak zuen izena berreskuratzen lagundu zutenetariko batzuek, Miren Vallejo, Guada Mujika, Jose Jauregi eta Fernando Azpiazurekin batera, besteak beste.

2021 05 10 errosario moskotenekua elgoibar barren