Andoni Mutiloa: “Oso kamikazea izan naiz proiektu honekin, eta amets bat gauzatu dut”

Barren.eus 2021ko mai. 14a, 10:00

‘Esnatu naiz’ kabareta taularatuko du bihar, maiatzak 15, Andoni Mutiloak (Hernani, 1976) Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Nortasuna, generoa eta sexu-joera ezberdinak lantzen dituen obra da, eta ikuskizun honen bitartez, LGBTI+ kolektiboko pertsonek oraindik ere Euskal Herrian normaltasun osoz bizitzeko dituzten arazoei buruzko gogoeta sustatu nahi du.

Mutiloa kazetaria da, baina betidanik gustatu izan zaio antzerkia. Berak idatzi du obra eta berak eman dio bizia protagonistari. Elur da protagonista, jatorri euskalduna duen baina Londresen bizi den trans artista bat. Kabaret honetan artistaren atzean ezkutatzen den pertsona ere ezagutuko dugu: Pello. Euskalduna da, baserritarra, eta hamar urte atzerago Euskal Herritik alde egitea erabaki zuen, bertan ezinezkoa zitzaiolako bere nortasunarekin bat eginda lasai bizitzea. 19:00etan hasiko da emanaldia. Pandemiagatik, edukiera mugatua egongo da, eta horregatik izena eman behar da: https://labur.eus/esnatunaiz helbidean.

 • Nola bururatu zitzaizun ‘Esnatu naiz’ kabareta sortzea?
Lehendabiziko ideia 2017ko udazkenean izan nuen. Kazetari izan naiz 20 urtez, eta une hartan eszedentzia hartuta nengoen. Urtebeterako eszedentzia hartu nuen, atseden hartzeko asmoarekin, eta ez nekien oso ondo zer egingo nuen, baina zerbait sortu nahi nuen. Eta halako batean etorri zitzaidan ideia: Beyonce izan nahi duen baserritarra. Hori izan zen guzti honen abiapuntua. Bost bat hilabete edo pasatu ziren obra idazten hasi nintzenerako, eta denbora horretan ideia hori forma hartzen joan zen.

 • Elur eta Pello dira protagonistak. Bi nortasun, pertsona beraren barnean.
Bai, hala da. Kabaretaren hasieran Londresen gaude, The Pink Flamingo izeneko klubean. Elur klub horretako artistetako bat da. Trans kolektiboko kidea da, eta bere ikuskizuna dauka klubean. Londresko mugimendu alternatibo horren barruan, jende asko hurbiltzen da gauero bere emanaldira, baina haietako batean zerbait gertatuko zaio. Emanaldia hasiko du, baina ezingo du jarraitu. Une horretan hasiko da Elur bere istorioa kontatzen, eta orduan ezagutuko dugu Elurren atzean dagoen beste pertsona zein den. Pello da, euskalduna, baserritarra, Gipuzkoako herri txiki batean hazitakoa. Hamar urte lehenago konturatu zen bere nortasuna eta bizimodua ez zetozela bat, eta ezin zuela bere nortasuna garatu bizi zen ingurune hartan, eta ondorioz, alde egin zuen Euskal Herritik.

 • Esan dezakegu, beraz, Pello esnatu egin zela?
Bai, horixe da. 'Esnatu naiz' Pelloren esnatzea da. Berea ez den bizimodua bizitzen ari zen eta bizitza berrirako esnatze horren urratsak kontatuko ditugu obra honetan. Pelloren garapena ikusiko dugu, Elur izatera iristen den arte.

2021 05 13 Andoni Mutiloa esnatu naiz kabareta 1

 • Fikziozko obra idatzi duzu, baina izan zitekeen benetakoa, ezta?
Bai, jakina. Fikzioa da, baina nire izaerarekin bat egiten dute bi nortasun horiek, eta azken batean, obra hau sortu badut izan da jende askori gertatu zaiolako hau bizitzan zehar. Gure obra Euskal Herrian kokatuta dago, baina hau ez da hemengo fenomenoa bakarrik, mundu guztian gertatu izan dira horrelakoak, fenomeno unibertsala da. Genero eta identitate kontuez ari gara gu, baina ihes egiteko erabakia beste arrazoi askok ere baldintzatu izan dute jendearengan. Egoera horren kritika egin nahi dugu, eta jendeari hausnarketarako gaia ere eman nahi diogu.

 • Zerbait sortu nahi zenuela esan duzu. Sormenerako gaitasuna proban jarri nahi al zenuen?
Bai, sormenarekin zorra neukan, eta zentzu horretan, nire buruari ere zor nion zerbait sortzea. Ordura arte sormenak izan zuen lekua nire lanean, baina lanetik kanpora ez nintzen jartzen sortzera. Ideiak banituen, baina ez nituen gauzatzen. Eta kasu honetan ere kostatu zitzaidan, eta idazten hasi ondoren ere, utzita izan nuen. Zerbait sortzeko jarraikortasuna eta diziplina handia behar dira, eta pozik nago lortu nuelako diziplinatua izatea. Obrako protagonistak bi aurpegi ditu, bi nortasun, eta biek dute nirekin zerikusia, eta horregatik, idazketa prozesua oso ederra izan zen.