Ikastaroak praktikotik gehiago izango du teoriatik baino, eta kalean marraztuko dute. Materiala bertan emango da eta nahi izanez gero sare sozialetan zabalduko dira egindako lanak. 'Like' edo atsegite gehien lortzen duenak oparitxoa izango duela ere azaldu dute liburutegikoek. Ikasaroa 16:30etik 20:00etara izango da
• Zer da Urban Sketching?
Orain dela hamabi bat urte sortu zen mugimendu bat da; 2007 inguruan. Kalean marraztea da azken batean, aurrean ikusten duzuna marraztea. Gabriel Campanario eta Enrico Casarosa zaletuak izan dira AEBetan garatutako mugimendu honen sustatzaile nagusiak, baina egia da kalean betidanik marraztu izan dela. Mugimendu hau modan jarri da, batez ere, Internet bidezko sare sozialen indartzeari esker. Marrazkiak konpartitzea mugimendu honetan nahiko funtsezkoa da. Ni ez naiz oso sare sozial zalea, baina zenbait eta noizbait partekatzen ditut [Hona Instagramen duen kontua https://www.instagram.com/marrazkiak1970/]. Dekalogo bat ere badaukate mugimendu honen jarraitzaileek.
• Zer dio?
Ondorengoa: 1. Tokian marrazten dugu, barnean edo kanpoan, ikusten duguna zuzenean islatuz. 2. Marrazkiek inguruko istorioa kontatzen dute, bizi garen eta bidaiatzen dugun tokietakoa. 3. Marraztean toki eta une jakin bat islatzen dugu. 4. Ikusten ditugun eszenekiko leialak gara. 5. Estilo ezberdinak onartzen ditugu. 6. Edozein tresna edo euskarri erabiltzen dugu. 7. Elkarri laguntzen diogu. 8. Taldean marrazten dugu. 9. Marrazkiak sarean partekatzen ditugu. 10. Mundua marrazkiz-marrazki ikusten dugu.” Nik mugimendu hau distantziatik jarraitzen dut, baina munduan zehar indar handia hartzen ari da. Sketch Crawl izeneko beste aldagai bat ere badago: urteko sasoi bakoitzeko egun jakin batean jende multzo bat biltzen da leku inguru zehatz batean marrazteko. Euskal Herrian ere badugu oso talde aktibo bat. Sketch hitzak zirriborro esan nahi du, beraz, mugimendu hauen oinarria zirriborroak edo marrazki edo margolan azkarrak egitea dela esan daiteke, ingurune urbano edo natural batean batik bat, baina baita ere barrukaldeetan. Azken batean, norberaren begiradarekin aurrean dugun errealitatea islatzea izango litzateke helburua. Momentua, egoera eta lekua era arin eta azkar batean atzitzean oinarritzen da; argazki bat eskuez ateratzea bezalakoa da, baina niretzat beste xarma berezi bat dauka, bai prozesuak, bai eta betirako oroigarri bezala gera daitekeen emaitzak.
• Zuk nola ikasi duzu marrazten?
Ni afizionatua naiz, débutant bat. Umetan gustatzen zitzaidan marraztea, baina ez nuen gehiegi landu, eta urteetan lagata izan dut. Lagun artean marrazkitxo eta txantxetarako karikatura batzuk-eta egiten nituen tarteka, baina gutxi marrazten nuen. 2017an-edo heldu nion marrazketari. Ziurrenik, adinari lotutako ezinegon batek eraginda, espresio artistikoarekin zerikusia zeukan zaletasun berri bat behar nuela pentsatu nuen. Honela, txikitako afizioa berreskuratu eta marrazteari ekin nion berriro. Koadroak, marrazkiak, akuarelak... denetik egiten hasi nintzen. Marrazkia eta pintura oso modu zabalean ulertzen dut nik. Asko gustatzen zait marraztea, bete egiten nau bai marrazte ekintzak bai emaitzak (…nahiz eta ez beti). Eskola batzuk hartu izan ditut, eta tarteka joaten naiz orain ere zenbait masterclass eta lehiaketetara, baina gehienbat autodidakta izan naiz. Egur arte eskolan ere aritzen naiz, eta Aitor Etxeberria Mendaroko margolari eta eskulturgile bikainak asko lagundu dit. Artista handia da Aitor eta eskerrak eman nahi nizkioke erakusten didan guztiagatik.
• Ikusten duzuna momentuan marrazten duzu?
Nahi baino gutxiago, baina nahiko maiz, batik bat oporretan eta bidaietan. Urban Sketchingaren dekalogoa ezin izaten dut beti garbiegi jarraitu eta era librean interpretatzen dut; horregatik, denboraz apur bat larri nagoenean, argazkiak ateratzen ditut, gero marrazkia etxean amaitzeko. Tranpa txiki hori ere niretzat balekoa da. Dena den, politena unean-unean marraztea da, baliabide gutxirekin, tamainaz edozein motxilatxotan sartzen den materialarekin. Koadernoa eta arkatza normalean beti eramaten ditut nirekin, eta momentu hilak ditudanean jarleku batean eseri eta marraztu egiten dut.