Mankomunitateak herritarrak eskertu eta gaikako bilketa sustatzeko bideoa zabaldu du, Birziklapenaren Nazioarteko Egunaren harira

Barren.eus 2021ko mai. 17a, 16:30

Birziklapenaren Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzak 17, eta Debabarrenako Mankomunitateak bideo bat zabaldu du eskualdeko herritarrei eskerrona adierazteko azken hilabeteetan erakutsi duten "konpromisoagatik"; eta, birziklatzera dei egin dituzte herritarrak, horretarako eskura dituzten baliabide guztiak erabilita.

Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak herritarrak eskertu ditu gaur zabaldu duten bideoan, “azken hilabeteetan gaikako bilketari dagokionez erakutsi duten konpromisoagatik". Mankomunitateko arduradunek jakinarazi dutenez, Debabarrenako gaikako bilketak bilakaera oso positiboa izan du 2021eko lehen hiruhilekoan: “2020an baino 85 tona errefus gutxiago bildu dira, eta gaika bildu den organiko kopuruak, berriz, 43 tona egin du gora”.

Emaitzak ontzak eman badituzte ere, 2030erako jarrita duten helburua betetzeko, alegia, gaikako bilketaren %70era ailegatzea, "ezinbestekoa da errefusa edo birziklatu ezin diren hondakin kopurua murriztea".

Eskualdean egunero sortzen dugun hondakin kopurua oso handia dela azaldu du Arraizek, eta behar bezala kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da herritarrek hondakinak behar bezala sailkatu eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea. “Horretarako, ohiko koloretako edukiontziez gain, 12 minigarbigune ditugu Debabarrenan, besteak beste, hondakin elektrikoak, kafe kapsulak eta bestelako ezohiko hondakin txikiak jasotzeko. Garbiguneak ere baditugu, eraikuntzako hondakinak, etxeko hondakin arriskutsuak, zurak etab. uzteko. Erabil ditzagun eskura ditugun baliabideak modu egokian birziklatzeko", esan du Mankomunitateko lehendakariak.

  • Mankomunitatearen instalazioak eta karakterizazio lanak iruditan
Bideoaren beste helburuetako bat da Mankomunitatea herritarrengana gerturatzea. Birziklapenaren garrantzia azpimarratzeaz gain, Mankomunitatearen ohiko jarduna ere agertzen da irudietan, ibilgailuak gordetzen diren lekua edo hondakinen karakterizazio bat nola egiten den ikus daiteke.

Mankomunitateak egoki birziklatzen den edo ez jakiteko egiten ditu hondakinen karakterizazioak. Eskualdeko hainbat puntutako edukiontziak aztertzen dituzte, hondakinak egoki sailkatuta dauden ikusteko. Azaldu dutenez, bilketan egon daitezkeen ahulguneak identifikatzen dituzte era honetako azterketak eginda.