Eusliderrak egitasmoaren helburua da gazteen arteko hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera informala bultzatzea. Hizkuntza ohiturak aldatzeak, beste edozein ohitura aldatzeak bezala, ahalegin bat eskatzen du. Hori jakinda, aldaketa hori modu atseginean eta dibertigarrian egiteko diseinatu dute egitasmo hau. "Ikerketek erakutsi dute badirela gazteen hizkuntzarekiko portaera aldatzeko bideak. Zigorrik erabili gabe, norberak, borondatez egin dezake aldaketa", azaldu dute sustatzaileek.
Horiek horrela, 2020/21 ikasturtean, Elgoibar ikastolak, Elgoibarko BHI institutuak eta Elgoibarko Udalak, Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren elkarlanean, joan den ikasturtean martxan jarritako eusLiderrak egitasmoari jarraipena eman diote, eta bigarren fasea gauzatu dute. Helburua DBH3ko ikasleen artean euskararen erabilera informala sustatzea izan da. Egitasmo ziklikoa da eusLiderrak, eta oraingo honetan, lehendabiziko fasean egindakoak erabileran eraginik izan duen ala ez aztertu dute. Txikia izan arren, igoera egon dela ikusi dute.
EusLiderrak egitasmoaren bigarren fasean egin dituzten hiru saioak 2021eko urtarrilean eta otsailean egin zituzten. Elgoibarko DBH3ko 130 ikasle inguruk parte hartu dute, eta sei eusLider-talde jarri dituzte martxan.
Elgoibarko Institutuan, Covid-19ak eragindako egoera dela eta, bertako arduradunekin adostuta, ikasturte bukaeran egin ohi den Ekintza Sozialik ez egitea erabaki dute.
Elgoibar Ikastolan saioak on-line eman dituzte, eta Ekintza Soziala kalean egitea ezinezkoa denez, Ikastolan bertan egingo dute. Ikasleen zaletasunak kontuan hartuta, euskara ekintza dibertigarriekin lotzea izan dute helburu, erabilera bultzatu eta testuinguru akademikotik harago eramateko asmoz. Gauzak horrela, saio praktikoan diseinatutako ekintzak garatzen hasi dira bi eusLider talde. Taldeetako batek, umorea izan du ardatz, telebistako iragarkiak era dibertigarrian bikoiztuz; eta besteak, aldiz, asmakizun lehiaketa bat diseinatu du, bertsoen bitartez. Partaideek, Ikastolako DBH3ko ikasleek, bertsoak entzun, eta horren atzean dagoen hitza edo kontzeptua asmatu beharko dute.
Hiru sari ere emango dituzte: Elgoibarko dendetan erosteko 60 euroko hiru bonu eta hiru kultur-gonbidapen (hiru kultur ikuskizunetara joateko sarrera bikoitzak).
Bi euslider taldek datorren ikasturtean ere eusLider izaten jarraitzeko nahia adierazi dute, eta hori poztekoa da antolatzaileentzat.